Europako Batasun osoan maiatzaren 21ean Natura 2000 eguna ospatzen da eta 24an natura parkeen eguna. Bi egun berezi horiek ospatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oiartzungo Udalak eta Etorlurrek lehendabizikoz Aiako Harriko natura parkearen eguna antolatu du maiatzaren 26an, hau da datorren igandean.

Natura parkea

Helburua Aiako Harria natura parkearen garrantzia aitortzea da, hau da, gipuzkoarrei bertako landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena gorestea.

Txirrindulari bat Aiako Harria zeharkatzen . Ruben Plaza

Horretarako, goiz osoko egitaraua prestatu da Oielekun. Bertaratu nahi duten parte-hartzaileak Uzpuruko (9.45ean) eta Kausoroko (10.00etan) aparkalekuetan elkartuko dira eta 45 minutuko bidea egingo dute oinez. Ezingo da txakurrik eraman.

Bestalde, Aldundiak doako autobusa jarriko du Beasaindik, Tolosatik eta Oiartzundik Kausororaino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea (arditurri@gipuzkoanatura.eus edo 943 494 248 eta 688 895 068).

Programa

Egitarauari dagokionez, 11.00etan, Oielekun izango den artaldea ikusteko parada izango da eta aditu batek natura parkean betetzen duen eginkizuna azalduko du.

Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du.

Erakustaldia

Segidan palankarien erakustaldia izango da. Burdinazko barra bat ahalik eta urrutiena jaurtitzean datzan jokoa da, behinola Euskal Herrian oso zabaldua zegoen kirola da.

Hori bukatutakoan musikaren txanda izango da. Et Incarnatus taldeak Zelta aireak emanaldia eskainiko du.

Azkenik, gazta dastaketa eta salmenta izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik.