Hernaniko Karabelekon, Portu eta Karabel auzoen arteko bidean kokatua dagoen etxaldean, gertuko zein bertako produktuak saltzeko Hernanin bigarren denda bat zabalduko dute Herrilur eta Henaseko kideek.
Denda
Hortaz, bide berri horren hasiera ospatzeko, dendaren irekiera festa egingo dute ostiral arratsaldeko 18.00etan hasita. Festa musikarekin girotua egongo da; gainera, haurrentzako jokuak izango dira eta baita mokadutxo bat ere.
Dendari dagokionez, maiatzaren 20an irekiko ditu ateak, eta honako ordutegia izango du: astelehena eta ostirala, 9.30etik 19.00etara; asteartea eta osteguna 9.30etik 13.30era eta 17.00etatik 19.00etara; larunbatetan 10.00etatik 13.00etara eta asteazkenetan itxita egongo da.
Proiektu berri honekin gertuko zein bertako produktuen salmenta indartu nahi da eta bertan erosi ahalko dira garaiko barazkiez gain, kontserbak edota frutak ere. Halaber, hazitegia ere izango du, beste hainbat produkturekin batera, betiere gertuko jatorria oinarri izanik.
Proiektuaren potentziala kontuan hartuta, Herrilurreko zein Henaseko langileak prest daude borondatezko lana egiteko. Horrekin lotuta, eta inplikazio komunitarioa lortu nahian, bazkideei deia luzatu nahi diete norberak bere aletxoa jarri eta hurrengo egun eta asteetan egingo diren auzolanetan parte hartzeko. Abiatzera doazen erronka hau aukera paregabe moduan ikusten dute, elikadura burujabetzari dagokionez.
Era berean, Karabelekok buruko desgaitasunen bat duten pertsonekin egiten duen lana mantenduko du bertan, egiten den jarduna ezinbestekoa dela uste dutelako.