Inork ez du zalantzan jartzen hezkuntzak ongizate emozionala sustatzeko duen garrantzia eta Tolosaldeako Inmakuladako Lanbide Ikastolako zuzendaritzako kideek diotenez, “hauxe da hezkuntza komunitate osoaren erronka berria”.

Ongizate emozionala

Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, ongizate emozionala gogo-aldarte bat da, eta bertan, pertsona bere gaitasunez ohartzen da, bizi-tzaren presio normalei aurre egin diezaieke, produktiboki lan egin dezake eta komunitateari lagundu diezaioke”. Hori dela erta, gizartearen beharretatik abiatuta, Tolosako Inmakuladan Ongizate emozionala hezkuntzan jardunaldia ospatu zuten pasa den astean, hilaren 11n eta 12an. Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldia oso arrakastatsua” izan zen, 60 ikasle inguruk parte hartu baitzuten bertan.

“Zer erantzun eman dezake hezkuntzak bizitzako erronken aurrean gure ikasleak estrategiak garatu ditzaten?” izan zen jardunaldiak abiapuntu moduan hartutako gaia, eta, galdera honi erantzunez, jardunaldiaren lehen egunean, 2019. urtetik hona elkarlanean aritu diren hainbat erakunde gonbidatu zituzten jardunaldira. Ekitaldiari hasiera emanez, Tolosako Udala eta Tknika izan zituzten solasaldian.

Tolosako Udalak  “guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetzeko prozesu berritzailea” jarri du martxan aurten, eta prozesuan deliberaziorako Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola gonbidatuetako bat izan da hezkuntza alorrean gai honetan erreferente den moduan. Andu Martinez alkateak, modu laburrean, Tolosako herriak hezkuntza alorrera guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetzeko zuzenduko dituen hainbat gomendio aurkeztu zituen. Tknikako zuzendariak, Jon Labakak, berriz, Lanbide Heziketako VI planean Ongizate Emozionalaren Estrategia aurkeztu zuen, eta Euskadiko Lanbide Heziketak Ongizate Emozionalean lortu duen  lehen sari estatalean, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola lankide eta erreferente izatea eskertu zuen.

Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea N.G.

Jardunaldiko lehen egunarekin jarraituz, Hezkuntzan Ongizate Emozionalak duen garrantzia izenburupean antolaturiko mahai inguruan parte hartu zuten Laura De la Iglesia ikasleak, Maitane Ormazabal Coach Terapeutikoak eta Patricia Temprano Psikoterapeutak. Eta, arratsaldeari amaiera emanez, eta 2019. ikasturtetik hona ikastolarekin elkarlanean aritu diren  Bizirauneko Eva Bilbao eta Agustin Erkiziak suizidio preben-tziorako proiektua aurkeztu zuten. Horretaz gain, Ongizate Emozionaleko I. sari estatala irabazi duen proiektua aurkeztu zuten Mari Jose Barriola Tknikako ordezkariak, eta proiektuan parte hartu duten Easoko eta Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako irakasleek.

Hezkuntza proiektua

Jardunaldiaren bigarren egunean berriz, egitaraua Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako Hezkuntza proiektuan oinarritu zen, Ongizate Emozionala - Ikastolako Hezkun-tza proiektuan integratua lelopean. Izan ere, Lanbide Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, Tolosako Inmakuladan garbi dute ongizatea geletara, eta ikasleengana iristeko, “hezkuntza proiektuan integratzea” ezinbestekoa dela.

Hori dela eta, Ikastolak ibilbide luzea du pertsonen garapenean. Izan ere, ikaslearen ongizatea lantzen hasi aurretik, Tolosako zentroan irakasleen ongizate emozionala eta garapen pertsonala zaintzen dute, hau ere, bertako ordezkarien ustetan, “ezinbestekoa” baita. Horregatik, urte asko daramatzate langileen interesak, pasioak, indarguneak eta aukerak kontutan izanik, helburu pertsonal, profesional eta sozialen garapena sustatzen. Gai honen baitan, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako zuzendariak, Ana Mongek, abiatu zuen jardunaldiko bigarren eguna, eta, hasteko, “langileen profila, funtzioak, AMIA, interesak eta errekonozimenduak” nola lantzen dituzten azaldu zuen.

Jardunaldiarekin jarraituz, Ikastolak 2018az geroztik gai honen inguruan martxan jarritako hainbat proiektu aurkeztu zituen, eta, bukatzeko, Berbiztu izeneko espazioaren aurkezpena egin zuen Monge zuzendariak. Ongizate Emozionaleko Batzordea da hau, eta 2020ko ikasturtean martxan jarri zen espazioa da, antolatzaileek azaldutakoaren arabera. Bertan ongizate emozionaleko gaiak lantzen dira, eta “ikasleek euren emozioak eta kezkak partekatzeko espazio segurua” bihurtu da.

Astean behin ordubetez, ikasleek parte hartzen dute batzorde hauetan, eta ikastolako kideen ongizatea sustatzen dute urtean zehar aurrera eramaten dituzten hainbat ekintzen bitartez.

Etorkizuna

Jardunaldiko bigarren egunarekin amaitzeko, Lanbide Ikastolak etorkizunera begira dituen erronka berriez aritu zen zuzendaria. “Etorkizunari begira, erronka berriekin lanean hasiak daude. Ikastolako pertsona guztien ongizate emozionala ardatz izanik, estrategia berrien diseinuari ekin diogu jada”, azaldu zuen Mongek. Izan ere, beste hainbat proiekturen artean, 2024-2025. ikasturtean martxan jarriko duten Oinarrizko lanbide Heziketako, Garapen Pertsonalaren ardatz egituratzaile berriaren diseinuan ari dira lanean.