Elgoibarko VII. Idazlan Lehiaketaren 26 sarituek lortutako sariak jaso zituzten Aita Agirre kulturgunean burutu zen ekitaldian. 166 lan aurkeztu dira Elgoibarko Udalak, Kultura, Euskara eta Gazteria eta Hezkuntza sailen bitartez, antolatzen duen lehiaketara. Partaideek bost taldetan banatu parte hartu dute: LH 3 eta 4 (A taldea), LH5 eta 6 (B Taldea), DBH 1 eta 2 (D taldea), DBH 3 eta 4 (E Taldea) eta Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa.

Lanbide heziketa

Ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzea da Elgoibarko Idazlan Lehiaketaren helburua. Jasone Osorok, Jon Eugik eta Iñigo Otañok aurkeztutako lanak baloratzeko ardura izan zuten. Kontuan hartzen baditugu sari banaketaren ekitaldian esandakoak, lehiaketaren emaitza gazi-gozoa izan da. “Aurtengo edizioren balorazioa ez da iazkoa bezain baikorra parte-hartzeari dagokionez, jaitsi egin delako. Batez ere, goiko mailetan gertatu da, eta lanen kalitatean ere eragina izan du, ale on gutxiago izan direlako. Hau horrela, aurten C eta E mailetan idazlan bana bakarrik saritu da. Erabaki hori hartu dugu beheko mailetan ipuin nabarmengarri gehiago zeudelako sarituak izatea merezi zutenak eta hala egin da A eta B mailetan. Hala ere, ez diegu inongo meriturik kendu nahi irabazleei, lan oso onak eta originalak saritu ditugulako maila guztietan”.

Elgoibarko VII. Idazlan Lehiaketako epaimahaiko kideek nabarmendu zuten beheko mailetako istorio batzuen kalitatea eta txalogarria iruditu zitzaien ere gaien aniztasuna eta protagonista originalak aurkitzea, “Bestalde”-esan zuten ondoren-”ipuin batzuk eskolan landutako gai berearen inguruan idatzi direla ikusi dugu, eta horrek ipuinak izan ordez eskolako lan hutsak izatearen arriskua dakar”.

Ipuin liburua

Elgoibar Udalak ekitaldi hau baliatu zuen 2022an eta 2023an sarituak izan ziren lanekin argitaratu duen liburua aurkezteko. Liburuaren 300 ale argitaratu dira eta Udalaren asmoa da orain arteko edizioetako saridunei eta epaimahaikoei oparitzea. Eskoletan ere banatuko ditu ale batzuk Udalak. Gainerako aleak Udaleko Euskara Sailean eta Gotzon Garate Liburutegian egongo dira eskuragai. Udalaren web atarian ere eskuragai izango da edonork ikus dezan.