Apirilaren 23a, Liburuaren Nazioarteko Eguna da, eta hori dela eta apirilean zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu Tolosako udal liburutegiak. Hainbat egitasmoren artean, hilabete hasieran 7 eta 12 urte arteko umeentzat orri markatzaile tailerra egin zuten Errotan, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, datozen egunetan ere, hainbat ekintza ospatuko dituzte.

Gutun eta egunerokoen irakurketa

Besteak beste, apirilean zehar Udal Liburutegiko gutun eta egunerokoen liburuak irakurtzera animatu dituzte irakurleak, eta, hilaren amaieran, parte-hartzaileen artean opari txartelak zozkatuko dituzte. Antolaturiko beste ekintzetako bat astearte honetan ospatuko dute, 18.00etatik aurrera, Errotan. Izan ere, Manex Beristainek, heriotzaz eta doluaz hitz egingo du, heldu zein lagundutako haurrei zuzendutako Azken galdera amari ipuinaren aurkezpenean. Liburutegian gaiari lotutako interes gune bat ere jarriko dute.

Mikroipuinak

Egitarauarekin jarraituz, hilaren 23an Idoia Torregarai kazetari eta umoregileak Mikroipuinak liburuari buruzko solasaldia eskainiko du. Eta, amaitzeko, 26ean, Aranburu jauregiko liburutegian liburu elektronikoak irakurtzeko gailuen mailegua jarriko dute martxan.