Miguel Ángel Barcenillak bere azken eleberria aurkeztu du aste honetan . Garaituak eta esklabotuak. Bortxazko lanak Lezon 1939-1942 herriko historiako pasarte ilunenetako baten berri jasotzen du.
Izan ere, gerra amaitu berritan Lezoko herria berriro militarrez eta esklabotza baldintzetan lan egitera behartutako gatibuz nola bete zen kontatzen du liburu honek.
Aurkezpena Gezala Auditoriumean burutu zen ostegunean, UPNko Fernando Mendiola Historia irakaslearen laguntzarekin. Hitzordua baino egun batzuk lehenago gonbidapenik ez zen gelditzen, gai honek herrian pizten duen interesaren seinale.
1939 eta 1942 urteen arteko gertakizunak ditu oinarri liburuak. Urte horietan, gerran garaitutako ehunka preso Jaizkibelgo errepideak eta Gaintxurizketako bunkerrak eraiki-tzera ekarri zituzten Lezora. Hiru urte eta erdiz, Lezoko kanpamentuetan, 5.000 gatibu baino gehiago behartu zituzten lan horiek esklabotza baldintzetan egitera.
“Urte horietan Lezok 2.000 edo 2.500 biztanle zituen, beraz pentsa 5.000 esklabu eta hauek zaintzeko bertan zeuden 1.000 soldaduk nolako eragina zuten herrian. Oiartzungo Kattin Txiki elkarteak kalkula-tzen duenez, bailaran 12.500 preso aritzen ziren bortxazko lanak egiten”, kontatu du liburuaren idazleak.
Barcenilla Lezoko memoria historikoa berreskuratzeko Etxetxo elkarteko kide da ere eta batez ere historialari lanak egiten ditu. Hortaz, bera arduratu da historiako pasarte hau kontatzen duten testuak eta idatziak hainbat artxibotan bilatzeaz.
“2016an sasiek ezkutatutako esklaboen bi barrakoi berraurkitu ziren Jaizkibel mendian Iparragirre izeneko eremuan”, gogorazi du historialariak. Auzolanean garbiketak eta indusketak eginez kanpamentu oso bateko aztarnak agertu ziren: garita, zaintza gunea, sukaldea, kantina...
“Kalkulatzen da Oarsoaldea eta Bidasoaldean bortxazko lanak egiteko horrelako hamahiru kanpamentu zeudela, baina Iparragirrekoa gelditzen den kanpamendu bakarra da elementu guztiak kontserbatzen dituena. Agian Euskal Herrian bakarra da horrelako egitura bat kontserbatzen duena”, azaldu du.
Hortaz, aztarna hauek babesteko Iparragirre eremua Memoriaren Lekua izendatzea erabaki zuten Etxetxo elkarteko kideek. “Horretarako memoria bat eta txosten historiko bat egin behar zen eta hortik jaio da liburua”, esan du Barcenillak.
“Gure asmoa da barrakoiak egonkortzea, baina interbentzio bat egiteko beharrezkoa da Lege Babesa lortzea. Hori lortuta, dirulaguntzak ere eska genitzake”, adierazi du. Etorkizun hurbilean izendapen hori lortzeko lan egingo dute.
Babes hori lortu bitartean, urtean bitan edo hirutan joaten dira eremua garbitzera, berriro ere landareek ez ezkutatzeko aurkitutakoa eta horma gehiago eror ez daitezen.
Beste ekitaldi batzuk ere antola-tzen dituzte: bisita gidatuak, herriko eskolekin ekimenak, erakusketak eta omenaldiak, esaterako altxamendu frankista gertatu zenean Lezoko udal korporazioari egindakoa.
Bestalde, Memoriaren Basoa proiektua ere hasi dute. “Memoria historikoa eta memoria biologikoa batera errekuperatu nahi ditugu. Mendiaren basoak berreskuratzea da helburua bertako espeziekin”, azaldu du historialariak.
Barcenillak aditzera eman duenez, garai horretako argazkietan Jaizkibelen oso zuhaitz gutxi zeudela ikus daiteke, bailaran egurra behar zuten industria handiak zeudelako, badiako ontziolak adibidez.
Aitortza
Liburua salgai
Elebietan
Lezoko Udaletik azpimarratu dutenez, “liburu honek errepresaliatu haiekiko galdutako memoria berreskuratu nahi du. Haietako ba-tzuen historiak berreskuratu eta, lezoar batzuengandik, batez ere emakumeengandik, jasotako lagun-tzaren isla izan nahi du”.
“Izan ere, hain urrunekoa dirudien kontakizunak arrastoak eta ondorioak utzi zituen ondorengo belaunaldien artean ere. Beraz, memoria berreskuratu, gaur egungoa uler-tzeko, eta etorkizun hobea eraiki-tzeko”, gaineratu dute.
Liburu hau ontzen eta memoria berreskuratzeko bidean egiten ari diren lanarengatik eta ekarpenarengatik Udaletik aitortza eta esker ona adierazi nahi zaio Etxetxo elkarteari, eta bereziki, liburuaren egile Miguel Ángel Barcenillari.
Inork liburua eskuratu nahiko balu, Kultura Aretoan salgai izango da. Liburua elebietan dago idatzita, euskaraz eta gazteleraz.