Urola Kirol Elkarteak kromo bilduma kaleratu du eta kromoak ostegunean jarri ziren salgai. Horiek izan ziren eguneko protagonistak Urretxu eta Zumarragako haurren artean. Bi herrietako txoko guztietan kromoak eskuetan zituzten haurrak ikusi ziren ostegun arratsaldean.

Kromo bilduman, gaur egun klubak dituen talde guztietako jokalariak eta teknikariak ageri dira, baita zuzendaritzako kideak ere; 538 lagun guztira. 2023-2024 denboraldian federatutako 21 talde ditu Urolak, kimu mailan hasi eta senior kategoriara arte. Horiei batzen zaizkie futbol eskolako lau taldeak. Inoizko egiturarik handiena du Zumarraga eta Urretxuko klubak.

Kromoak

Ostegunean jokalari guztiei albumak oparitu zizkieten, haiek gero bilduma osoa egin dezaten. Kromoak hiru lekutan jarri dira salgai: Golodisx-Gossosx (Urretxuko Gernikako Arbola 1) eta Goxogi (Zumarragako Filipinar Uharteak 5) dendetan, eta Argixaoko kantinan. Zorro bakoitzak bederatzi kromo ditu eta 1,20 euro balio ditu, baina eskaintza berezia ere badago: 25 euroren truke 23 zorro erosteko aukera.

Argixao futbol zelaia.

Cromogal enpresaren eskaintza jaso ostean, Urolako zuzendaritzak erabaki zuen promosamena onartzea. Izan ere, aurtengo uztailean amaituko duen agintaldiari amaiera emateko modu polita iruditu zi-tzaien. Gainera, gaztetxoei ilusio berezia egiten die eurak albumeko protagonista izatea, eta duela hamar urte Urolak atera zuen albuma arrakastatsua izan zen.

Urolako zuzendaritzak eskerrak eman nahi dizkie Golodisx-Gossosx eta Goxogi goxoki dendei haien eskuzabaltasunagatik, kromoak ezeren truke salduko baitituzte.

Kromoena ez da Urolaren ekimen arrakastatsu bakarra. Ostegun Santu egunean Txugiren omenezko futbol txapelketa jokatu zen, inoizko parte hartze handienarekin. 18 talde lehiatu ziren, zortzi nesketan eta hamar mutiletan. Osasuna izan zen txapeldun nesken torneoan eta Lakua txapeldunorde. Mutiletan, berriz, Martutene garaitu zitzaion Realari.