Maite Lopez Lasheras eta Karmele Jaio protagonista izango dituen jardunaldiarekin agur esango zaio larunbat honetan Geure Gelatik, Azkoitin ospatzen den emakumeek idatzitako liburu azokari. Maite Lopez Lasherasek bere azken lana aurkeztuko du, Giorgios Seferis poeta greziarraren olerkien euskarazko itzulpena. Karmele Jaiok, berriz, Maitasun kapitala eleberria izango du mintzagai.

Emakumeak

Euskara, literatura eta emakumea izan dira ostegunean hasi zen Geure Gelatik liburu azokaren ardatzak. Aurreneko egun horretan Jasone Osoro idazle elgoibartarrak jaso zuen Maxixatzen Elkarteak antolatzuen duen azokaren omenaldia. Antola-tzaileek gazteen literaturaren arloan eginiko lana errekonozitu nahi izan zuten eta oroigarri bat eman zioten.

Mariasun Landa izan zen Jasone Osorori oroigarria eman ziona, sinbolismoz betetako ekintza bati forma emanez. Landak azokaren errekonozimendua jaso zuen Arantxa Urretabizkaiaren eskutik iaz eta aurten berari tokatu zaio gauza bera egitea Jasone Osororekin. Helduentzako literaturan egindako lanagatik 2022an jaso zuen Urretabizkaiak azokaren antolatzaileen aintzatespena. Iaz haurren literatura izan zen protagonista, Landari egin zitzaion omenaldiarekin. Gazteen literaturak hartu du bere lekukoa aurten, Osororen errekonozimenduarekin, literaturaren eta adin ezberdinetako irakurleen arteko lotura borobilduz era honetan.

Belaunaldiei ikasitakoa erakustea

Mariasun Landak emakume idazleengan arreta jartzen duen azokaren garrantzia azpimarratu zuen bere lehenengo hitzetan. Garaikurra Jasone Osorori eman aurretik, belaunaldi ezberdinetako idazleen arteko harremanak balorean jarri zuen ere literatura indartzeko. “Gu baino lehenago etorri zirenengandik ikasten dugu, eta gure helburua atzetik datozen belaunaldiei ikasi duguna pasatzea izan behar da. Idazle gazteek ez dute beteranoen aurretiko lana ahaztu behar, eta beteranoek, berriz, haien aurreko idazleenak“, esan zuen Landak.

Jasone Osorok bat egin zuen mezu horrekin hitza hartu zuenean. Ohoretzat jo zuen aurreko edizioetan Arantxa Urretabizkaiak eta Mariasun Landak jasotako garaikur bera eskuetan izatea, eta halaxe jakinarazi zion idazle zarauztarrari. “Arantxa Urretabizkaia eta zu bi erreferente eta bi eredu zarete niretzat. Bi aitzindari ere izan zarete. Hasi zinetenean, emakumeek ia ez zuten libururik idazten edo, hobeto esanda, ez zuten argitaratzen. Zuek euskaraz egiten zenuten gainera, ausardia handia erakutsiz. Gero etorri garen emakume idazleok jarraitzen ari garen bidea ireki duzue. Ohore bat da garaikur hau zure eskuetatik jasotzea “, adierazi zion Osorok Landari.

Azkorara gerturatutakoak Azkoitiko Udala

Elgoibartarrak idazten dituen liburuen irakurleei eskerrak emateko eta gazte literatura balioan jartzeko aprobetxatu zuen Portaleburun burutu zen omenaldi ekitaldia. “Irakurleen maitasunik gabe nire liburuek ez lukete zentzurik izango, liburu batek bizitza du irakurleak baditu eta, beraz, eskerrak eman nahi dizkiet nire irakurle guztiei.

Gazte literatura

Omenaldi hau baliatu nahi nuke ere literaturari, oro har, eta gazte literaturari, bereziki, errekonozimendua egiteko. Batzuetan gutxietsi egiten da haur eta gazteentzako literatura, baina nire ustez guk idazten ditugun liburuak funtsezkoak dira orain irakurtzen dituzten haur eta gazteak irakurle helduak izan daitezen etorkizunean“.

Azken txanpa

Omenaldiaz gain, azokak hainbat ekitaldi izan ditu joan den ostegunean abian jarri zenetik. Errekonozimendu ekitaldiaren ondoren, Osorok bere azken lana aurkeztu zuen, Arrakasta izeneko saiakera liburua. Bertan, arrakastari buruzko hausnarketa egiten du hainbat pertsonari egindako elkarrizketen bitartez (Porrotx, Eneko Atxa, Izaro, Harkaitz Cano, Jon Garaño, Aizpea Goenaga...).

Programa

Ostegunean ere, Annie Ernauxen Emakume izoztua liburuaren itzulpenari buruzko hitzaldia burutu zen, Gema López, liburuaren itzultzailea, eta Mariasun Landa idazlearekin. Ostiral honetan Maite Francorekin ipuin kontaketa saio bat eta Yolanda Arrietak zuzendutako Bizenta Mogeli buruzko tailer bat ikusteko aukera izan zen.

Larunbateko ekintzak

Larunbat honetan, Giorgi Seferis izeneko liburua aurkeztuko du Maite Lopez Lasherasek Portaleburun 11.15ean. Nobel saria irabazi zuen lehen poeta greziarraren lanaren euskarazko itzulpena da eta poeta eta itzultzaile azkoitarra Aritz Gorrotxategirekin batera egingo du aurkezpena. 12.00etan, Karmele Jaiok Maitasuna kapitala liburua aurkeztuko du, Xabier Mendigurenek lagunduta. 12.45ean, 2 minutu lehiaketaren oinarriak jakinaraziko dira. Azokari amaiera emateko, hamar lagunek Bizenta Mogelen Ipuin Onak liburuaren pasarteak irakurriko dituzte.