Tolosako Udalak pasa den urteko uztailean egin zuen Auzoen Mahaiaren lehen bilera irekia, eta, ekaineko gobernu aldaketaren ondoren, irailean abiatu zuen auzoz auzoko bileren erronda. Udaleko ordezkarien hitzetan, bilera hauek “beharrak detektatzeko eta proposamenak jasotzeko” helburua izan dute hasieratik. Urtarrilaren amaierara bitarte ia astero egin dituzte bilera horiek, eta denbora horretan jasotako informazioa lantzen aritu ondoren, txosten bat osatu du udalak. Hori horrela, prestaturiko txostenaren ondorioen berri emateko bigarren bilera irekia egin zuen Udalak astelehenean. Auzoetako edo auzo elkarteetako ordezkariak ez ezik, interesa zuten herritarrak ere joan ziren, eta pleno aretoan ia ez zen lekurik izan denentzat.

Bilera irekiak

Bilera irekiarekin hasteko, datu orokorrak azaldu zizkieten bilerara bertaratutakoei, eta, azaldutakoaren arabera, irailean hasi eta urtarrilera bitarteko lehen fase horretan, 15 auzotako bizilagunekin elkartu da Udala. Horietan, 250 eskaera baino gehiago jaso ditu, auzoen egunerokotasunari lotutakoak ia denak. Jasotakoen zati handi bat, 150 inguru, hirigintzari eta mantenu planari lotutakoak dira. Eskaera horien artean, proiektu bat eta hamar proposamen daude, eta udalak nabarmendu egin zuen horien berri izatea. “Lanketa handia eskatzen dute, baita denbora ere, eta ekonomikoki ondo aztertu behar dira”, adierazi zuen Josune Sanz Komunitatea eta Gobernantzako zinegotziak. Bilerarekin jarraituz, lehen fasearen inguruko balorazioa ere egin zuen Sanz zinegotziak. “Dinamika aberasgarria izan da. Errealitate askorekin egin dugu topo. Behar, ideia eta proposamen asko jaso ditugu, eta horrek erakusten du badagoela aktibo izateko nahia”, baieztatu zuen.

Aurretik azaldutako moduan, nagusiki auzo elkarteak ari dira mahaian parte hartzen, eta Sanzen zein Udal gobernuaren iritziz, herriaren “zati oso garrantzitsuak” dira. Horren harira, “laguntzak jasotzeko edota ekitaldiak antolatzeko auzo elkarte gisa egituratuta egotea” beharrezkoa eta garrantzitsua dela nabarmendu nahi izan zuen zinegotziak. Hala ere, Udala “15 auzorekin” bildu dela azpimarratu zuen, ez “15 elkarterekin”. Izan ere, badira modu horretara egituratuta ez dauden zenbait eremu edo gune. “Horietan ere beharrak dituzte, eta horiek jasotzeko eta bide emateko aukera zabalik dugu”, baieztatu zuen. Horiez gain, elkarterik ez duten baina, beharrak dituztelako, antolatuta dauden auzo edo bizilagun taldeak daude. Horiek ere kanalizatuko ditu udalak, eta auzo elkartea sortu nahi dutenei laguntza emango die.

“Dinamika aberasgarria izan da. Errealitate askorekin egin dugu topo. Behar, ideia eta proposamen asko jaso ditugu, eta horrek erakusten du badagoela aktibo izateko nahia”

Udalak bileraren ondoren adierazi duenez, bi behar komun atzeman ditu egindako bileretan. Hasteko eta behin, auzoen eta udalaren arteko harreman eta komunikazioa indartu eta errazteko bideak jarri beharko direla diote. Eta bestetik, diru laguntzen kudeaketa arintzeko eta errazteko bidea eman beharko dela ere pentsatzen dute. Gainera, asteleheneko bileran argi utzi nahi izan zuten landa auzoen eta hiriguneko auzoen beharrak desberdinak direla. Izan ere, landa auzoan, “bideak, sarea, energia eta ura” dira behar nagusienak, eta hirigunean, berriz, “ezaugarrien arabera, auzoen artean behar desberdinak” topatu dituztela diote. Behar desberdinetan, “hirigintza eta mantenua, etxebizitza, mugikortasuna eta kultur jarduerak” dira behar nagusiak.

Lehen faseko ondorioak herritarrei helaraztearekin batera, proposamen bat egin zuen Udalak asteleheneko bileran. “Baliteke auzoan behar puntualak izatea, eta horien berri eman nahi badiguzue, orain arte bezala jarraitu dezakezue. Bestetik, badira jarraikortasuna duten beharrak, Mantenu Planari lotutakoak. Horrez gain, antzeko ezaugarriak biltzen dituzten eremuetan proiektuak sortu eta garatzeko talde izaera izatea ere eskatzen dizuegu. Herri modura egingo dugu, elkarrekin”, azaldu zien alkateak bertaratuei. Laburbilduz, auzo izaera mantenduta, baina herritar moduan Udalarekin kolaboratuz lanean jarraitzea eskatu zieten Udal ordezkariek herritarrei. “Proposamen guztiei batera ezingo diegu aurre egin, eta pixkana bideratzen joan nahi dugu. Lehentasunak elkarrekin finkatzea eta hori herri ikuspegi orokor batetik egitea nahi dugu, norberak bere ingurua aztertzetik harago, gainerakoena ere kontuan izatea, alegia”, esan zuen Sanzek bilerarekin amaitzeko.