Oiartzungo Udalak aste honetan jakitera eman duenez, Altzibarren egin zen bezala, Arragua biziberritzeko unea iritsi da. Horretarako auzoak behar dituen ekipamendu, aisialdirako gune eta zerbitzuak adosteko lau batzar programatu dituzte hilabete honetan.

Lehenengo bilerak apirilaren 17an Arraguan eta 18an Elizalden burutuko dira eta egun horietan 2006ko planeamendutik abiatuta gaur egungo proiektua aurkeztuko da eta etorkizuna irudikatzen hasiko dira.

Arragua

Astebete beranduago, apirilaren 24ean Arraguan eta 25ean Elizalden, espazio berde eta plazen nolakotasuna eta auzoak behar dituen zerbitzuak landuko dira.

Saioak Arraguan frontoi ondoko lokalean eta Elizalden udaletxeko pleno aretoan egingo dira. Bilera guztiak 18.30ean hasiko dira eta zuzeneko itzulpen zerbitzua egongo da. Arraguan eta Elizalden egingo diren ariketak berdinak izango dira, Udalak herritar guztiei eman nahi dielako auzoa biziberritzeko proposamenak egiteko aukera.

Oiartzungo Udala Aitziber Muga

Udaletik gogorazi dutenez, “2006 urtean, etxebizitza merkatuaren beroaldi betean, Arraguarako zehaztutako hazkundea gehiegizkoa izan zela iritzita, hainbat urrats eman ditu Udalak urte hauetan guztietan garapen berria auzoaren neurrira eta beharretara egokitzeko”. 600 etxebizitzatik gora aurreikusi ziren, baina %43 murriztu da eraikigarritasuna azkeneko urteetan.

Azkenean, 390 etxebizitza inguru egingo dira. Erdia baino gehiago babestuak izango dira, lehentasunez oiartzuarrentzat. Hiru logelakoak, bikoak eta bakarrekoak izango dira, herritarren behar ezberdinak ase-tzeko.

Bizitza proiektuak

“Gaur egun etxebizitza erosteko herritarrek finantzazio mugekin egiten dute topo eta, ondorioz, ezinbestean bada ere, alokairua da emantzipaziorako eta bizitza proiektuak garatzeko aukera erreala. Horiek horrela, babes ofizialeko etxebizitza gehienak babestutako alokairura bideratutakoak dira”, gaineratu dute Udaletik.

Bestalde, Udalak jakitera eman duenez, etxeetako atariak (3.000 m2) mota guztietako lokaletarako erreserbatuko dira: denda, taberna, udal zerbitzuak, auzo lokala… Auzoan oinezkoen mugimenduak sortu, bizia eman eta segurtasun sentsazioa areagotzeko.

Kanpo espazio berriak, berriz, elkartzeko plaza eta aisialdirako berdegune zabalez josiko dira. Ekipamenduetarako beste 8.200 m2 ere aurreikusi dira.

Eremu horien guztien erabilera auzotarrekin eta gainontzeko oiartzuarrekin zehaztu nahi du Udalak, auzo bizigarria eta erakargarria guztien artean egiteko.