2023ko errenta aitorpena egiteko ordua iritsi da eta Goierriko herritarrek prozesua euskaraz egin dezaten animatzeko, Beasain, Lazkao eta Ordiziako Udalek Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz! kanpaina antolatu dute hamalaugarrenez. Mariola Pascualek, Beasaingo Udaleko Herritarrak Arloko buruak, Kepa Zubiarrainek, Lazkaoko alkateak, eta Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, xehetasun guztiak eman zituzten atzo Ordizian.

“2010az geroztik elkarrekin antola-tzen dugun kanpaina da eta, azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea”, azaldu zuen Ezenarrok.

Aitorpena egiteko epea zabalik

Gipuzkoan, dagoeneko zabalik dago 2023ko errenta aitorpena egiteko aukera eta uztailaren 1era arte mantenduko da. “Hiru bide daude errenta aitorpena egiteko eta guztietan erabili daiteke euskara”, jakinarazi zuen Pascualek.

Auto-likidazio proposamena da aukeretan lehena. Herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera dute. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela adierazi behar da.

Errenta mekanizaturako hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak, euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke.

Errenta aitorpena Internet bidez, Zergabidea atariaren bitartez egin dezakete goierritarrek. Errenta programaren euskarazko bertsioa Internetetik jaitsi ondoren, hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Beste modu batean egiten bada (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.

Ehunekoa handituz doa

“Aipagarria da azken 13 urteotan, 2009tik 2022ra, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz doala: Ordizian %8,29tik %23,82ra igo da, Beasainen %8,37tik %22,18ra eta Lazkaon %15,52tik %32,19ra”, komunikatu zuen Zubiarrainek.

“Hiru herrien izenean nabarmendu nahi nuke aukera badugula euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte, iner-tziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin badugu ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin dezakegula. Pauso erraz bat emanez sekulako bultzada eman diezaiokegu euskarari”, gaineratu zuen Ordiziako alkateak.