Usurbil 1936 elkartearen eskutik, datorren apirilaren 13an, larunbatean, Andatza mendiko Gerra Zibileko defentsa lerrora ibilaldia antolatu da. Usurbilgo Mikel Laboa plazatik aterako den ibilaldia gidatua eta antzeztua izango da.

Usurbil 1936 herriko memoria historikoa berreskuratzeko duela lau urte sortu zen eta denbora horretan artxiboak arakatzeaz eta testigantzak biltzeaz gain, Usurbil inguruko gudalekuak berreskuratzen ibili zen 2022 eta 2023 urteetan.

Honenbestez, ibilbidearen helburua Usurbilen eta Andatza mendian 1936ko gerraren inguruan jazotako zenbait gertaerez informatzea, testuinguru historikoa azaltzea eta 2022 eta 2023an egindako lan arkeologikoaren ostean berreskuratutako lubakiak erakustea da. Hasiera batean ekitaldi hau 2023ko urrian egin behar zuten, baina eguraldi txarrarengatik datorren asteburura arte atzeratzea erabaki zuten.

Parte-hartzaileak 9.00etan elkartuko dira Mikel Laboa plazan edo bestela zuzenean 10.00etarako egon beharko dute Puelan. Puelaraino igotzeko ahalik eta ibilgailu gutxien eramatea eta puntualak izatea eskatu dute. Beraz, bisita Puelan 10.00etan hasiko da eta 13.30ak aldera amaituko dela aurreikusi dute.

Bisitarien taldea era egokian kudeatzeko, parte-hartzaileen kopurua mugatua izango da. Gehienez 80 lagun onartuko dira. Horretarako, aurrez izena eman beharko da usurbilkultura.eus plataforman edo Potxoenean. Bisitariek hamabi urtetik gora eduki eta mendian ibiltzeko gai izan beharko dute. Ez dira animaliak onartuko taldean.

Esan bezala, gudalekuak garbitu eta berreskuratzen hasi zen Usurbil 1936 Oroimen Historikoaren elkartea 2023ko ekainean. Bost gudaleku zituzten identifikatuta Andatza mendian. Hauek garbitu eta txukundu zituzten eta plaka bana jarri. Lubakiak dira bereziki larunbatean ikusiko direnak.

Indusketa horretarako, arkeologo talde bat kontratatu zuten Udalak emandako dirulaguntza bati esker. Gainera, herritarren elkarlana ere izan zuten antolatutako auzolan egunetan.

Andatzako ibilbidea. N.G.

Gerra Usurbilen

Ekimen horren aurkezpenean Ion Martin taldekideak gudalekuak berreskuratzearen garrantziaz mintzatu zen: “36ko gerrak Usurbilen utzitako ondorioak ikertzen gabiltzala, guretzat garrantzitsua da fusilatuak, erbesteratuak, atxilotuak... zeintzuk izan ziren identifikatzea eta ezagutaraztea, dagokien aitortza eta erreparazioa eman ahal izateko”. “Baina harago ere joan nahi dugu, 36ko gerran faxistak herrira sartu zirelako, baina ez zirelako besterik gabe sartu. Erresistentzia topatu zuten bidean, hainbat gudaleku egon ziren, eta horiek ere ezagutarazi nahi ditugu, gure memoria historikoa ahalik eta osatuena izan dadin”, gaineratu zuen.

Indusketa arkeologikoak burutu zituztenean ehunka bala-zorro eta hainbat objektu azaldu ziren, bertan izandako borroken gogortasunaren lekuko. Lan horiek eta indusketetan parte hartutakoen testigantzak Youtuben ikus daitekeen 16 minutuko bideo batean bildu dituzte.

Usurbil 1936 taldearen azkeneko lana larunbatean burutuko den ibilaldia seinaleztatzea izan da. Ondare historiko hori ikusgai jartzeko Andatzako Oroimen Ibilbidea ondu dute. Bidea markatu eta azalpenak eskura jartzeko, geziak, panelak eta QRz hornitutako totemak jarri dituzte leku aipagarrienetan. Informazio guztia usurbil1936.eus webgunean ikus daiteke. “Webgunea urrats bat besterik ez da Usurbilgo herriaren demokrazia eta justiziaren osotze-bidean; beste pauso bat herria egiten jarraitzeko. Izan ere, memoria bizi garenontzat da batik bat, oraingoentzat eta datozenentzat. Soilik hala eraiki dezakegulako Usurbil”, adierazten dute webgunean.

Andatzako frontea

Elkartearen webgunean irakur daitekeenez, 1936ko uztailaren 18an estatu kolpe militarra hasi zuten Gipuzkoan eta Usurbilgo biztanleria ez zen gerra testuinguru horretatik kanpo geratu: “Andatza mendia eta haren inguruak defentsa leialaren puntu garrantzitsu bilakatu zituzten 1936ko abuztuaren amaieran. Handik astebete eskasera, dokumentatuta dugu borroka-fronte horretako lehen tiroketa: faxistek Donostia okupatu zutenean, erasoaldia antolatu zuten sektore horretan”.

“Hala, irailaren 15ean, hain justu, demokraziaren aurkako indarrek aurrera egin zuten Andatza menditik gertu zeuden posizioetaraino, eta, hurrengo egunean, gobernuaren azken posizioak hartu zituzten mendi horretan. Mendi garaiera gotortuok menderatuta, ordu gutxiren buruan iritsi ziren faxistak hurbilen zeuden herrietara: Usurbil eta Aginagara”, gogorazten dute.