Iaz Sorkuntza bekak jaso zituzten egileen lanen erakusketak igandean itxi zituen ateak Betharramen. Baina erakusketaren bukaeraren berriarekin batera hemen dugu 2024ko Sorkuntza bekaren deialdi berria (apirilak 18an amaituko da proiektuak aurkezteko epea). Azpeitiko Udalak 2017an onartu zituen aurrenekoz kultur sorkuntza bekak.

Bi modalitate

Kulturaz Kooperatibarekin elkarlanean. Aurten ere 20.000 euro jarriko ditu artistek beren proiektuak sor ditzaten. Bi modalitate egongo dira: 12.000 euro bideratuko ditu kultur sorkuntzaren modalitatera eta 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldienera (4.000 euroko bi beka).

Beken helburua da kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoei kultur sorkuntza bat lantzen laguntzea (musika, pintura, eskultura, literatura obra, antzerkia, zine, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunezko konposizioa...). Lortu ahal izateko, beharrezkoa izango da 16 urte baino gehiago izatea eta Azpeitiko Udalak dirulaguntzak emateko eratutako ordenantza arautzailearen 10. artikuluan eskatutako baldin-tzak betetzea.

Kultur ekimenak

Kultur sorkuntzako egonaldien modalitatean, egonaldiak gutxienez sei astekoa izan beharko du. Aldiz, beka ukatzea eragingo dute arrazoi hauek: ibilbide luzeko artista izateak (bost urtetik gorako eskarmentua); kultur arloren batetik urtean 28.000 euro gordin baino gehiagoko diru sarrerak izateak; eskatzailea elkarte bat izateak; aurreko deialdietan sorkuntza bekaren onuradun izateak (proiektua diziplina berekoa bada); eta proiektuak indarkeria bultzatzeak edo indarkeria motaren bati apologia egiteak.

Beken inguruko dudak argitzeko, Kulturazek banakako aholkularitza saioak egingo ditu apirilaren 3an (10.00-12.00) eta 4an (16.00-18.00).