Villabona – Aizkardi Mendi Elkarteak antolatzen duen 55.mendi martxa ospatuko dute gaur Villabonan. Elkarteko kideek adierazi dutenez, bi helburu nagusi dituen “ibilaldi herrikoia” da gaurkoa. Batetik, mendizaletasuna bultzatzea da helburua, eta bestetik, “Villabonako eta inguruko paraje eta lekuak ezagutaraztea” du helburutzat Mendi Elkarteak, “betiere natura erabat errespetatuz”. Urteroko moduan, bi ibilbide prestatu dituzte. Batetik, luzea, 43 kilometrokoa, 2.600 metroko desnibel positiboarekin. Antolakuntza taldeko kideek azaldu dutenez, “partaideak 06.30etan irtengo dira, Villabonatik, eta gehienez ere, 17.00etarako iritsi beharko dute”. Ibilbide hau 23. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da, eta 14 urtetik gorakoek bakarrik egin ahal izango dute. Otsabi, Komizar, Belabieta, Urdelar, Ipuliño, Uli, Erroizpe, Uzturre eta Loatzo mendietatik igaroko da ibilbidea.
Bestetik, ibilbide motza egiteko aukera egongo da. 23 kilometrokoa izango da, 1.100 metroko desnibel positiboarekin. Partaideak 08.00etan irtengo dira, eta gehienez ere, 14.30etarako amaitu beharko dute. Urdelar tontorrera arte, ibilbide luzeko bide bera egin beharko dute. Ondoren, Villabonara jaitsiko dira, Olantzako eta Urdausurbilgo bordetatik igarota.