Sexu jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren eta bestelako jokabide diskriminatzaileen aurrean jarduteko lehenengo protokoloa onartu du aste honetako Oiartzungo Udalbatzarrak aho batez. Azaldu zutenez, dokumentu hau udal lan-eremuan emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeria mota ororen edo sexu indarkerien kontra egiteko tresna izango da.

Protokoloa

Sexu jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren ondoriozko kaltea detektatu, artatu eta erreparatzeko egin dute protokoloa. Gainerako politika feministekin eta lan arriskuen prebentziorako politikekin batera, Udala ere diskriminaziorik gabeko langune feminista eta berdinzalea izateko tresna izango da.

Oiartzungo Udala Aitziber Muga

Bestalde, 2023. urteko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman zuen alkateak. Adierazi zuenez, oreka ekonomikoari eustea lortu zuen Udalak, ez baitzuen aurreikusitakoa baino gehiago gastatu eta gai izan baitzen dirulaguntza gehigarriak lortzeko. Honi esker, 2024an proiektu ezberdinetara bideratzeko 4,9 milioi euroko gerakina izango du. Besteak beste, jasangarritasun energetikorako proiektuetarako, kultur eragileek antolatzen dituzten ekintzak diruz laguntzeko, Rafael Pikabea hiribidea berritzeko edota Altzibarko frontoia egiteko erabiliko dute kopuru hau.

Denak onartuak

Martxoko udalbatzarreko gainon-tzeko gaiak ere aho batez onartu zituzten. 109.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Soinuenea Fundazioari 2024an, herri musikaren inguruan ikerketa, trebakuntza, bilketa, kontserbazioa eta zabalkundearekin jarraitzeko.

Uraren Euskal Agentziarekin hi-tzarmena egitea ere adostu zuten, uraren hiri-zikloaren digitalizazioa hobetzeko proiektua gauzatzeko. 16.239 euroko inbertsioa egingo du Udalak eta Uraren Euskal Agentziak beste 59.736 euro jarriko ditu. Uraren kudeaketa hobetzea lortuko dute horrela, hornidura-sistemaren digitalizazioak erauzitako emariak denbora errealean monitorizatzeko aukera ematen duelako. Gainera, sentsoreek eta kudeaketa adimenduneko sistemek hornidura-sisteman ihesak, galerak eta hondakinak identifikatzen lagunduko dute.