Mikel Bravo legazpiarrak irabazi du UZ Trail mendi lasterketako argazki lehiaketa. 150 euro eta oparia jasoko ditu ostiraleko sari banaketa ekitaldian. Bigarren saria (100 euro eta oparia) Carlos Mediavilla urretxuarrak irabazi du. Herriko argazkilari onenari dagokion saria (90 euro eta oparia) Aitor Agirrezabal urretxuarrak irabazi du. Gaztetxoen argazki onenari saria (50 euro eta oparia) Raul Ruiz urretxuarrak irabazi du.

Epamahaiko kideak ostiralean elkartu ziren. Epaimahaia Guillermo Murciegok, Jokin Antoñanak eta Patxi Martinek osatu dute.

Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteko lehendakaria

Bravo Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteko lehendakaria da. Diseinu Grafikoa ikasi zuen eta duela sei urte MKL estudioa ireki zuen Legazpin. Horretaz gain, Tantai basojabe kooperatiban lan egiten du. Bestalde, Biziklistak kanala kudeatzen du Gorka Gomez lagunarekin batera.

Lehiaketei dagokienez, bi aldiz lortu du bigarren saria Santa Lutzi eguneko rallyan eta iaz bigarren saria lortu zuen UZ Traileko lehiaketan.

Aurtengo UZ Trailean egindako lanari esker, lehenengoz lehen saria lortu du. Saritutako argazkian korrikalari bat ageri da aldapan behera eta atzean Antioko baseliza eta Urretxu eta Zumarragako herriguneak ikusten dira. Argazkiko beste protagonistetako bat elurra da.