Tolosako Soldadu kalean Ertzaintzak zauritutako gazteari elkartasuna helarazteko protesta eserialdia egin zuten pasa den larunbatean, hilaren 16an, Xuhar Herri Plataformak deituta. Plataformako kideek azaldu zutenez, “duela hilabete pasatxo kale horretan bertan inauterietako Zaldunita gauean Ertzaintzaren eta Villabonako gaztearen artean gertatutakoa salatzeko” helburuarekin egin zuten. Eserialdia amaitu ondoren, Arkada Social taldeak leku berean kontzertu laburra eskaini zien bertaratutako guztiei.
Xuhar Herri Plataforma
Goizean eginiko eserialdian, Xuhar Herri Plataformako kide den eta bozeramaile lanak egiten dituen Beñat Uribek hartu zuen hitza. Uribek adierazi zuenez, herritarrak gertakariekin eta egungo egoerarekin “nekatuta” daude, baina “neketik eta amorrutik indarra” atera dutela ere baieztatu zuen gazte villabonatarrak. “Eseri ondoren altxatu egingo gara. Nekatuta bagaude ere, eta bidea luzea izango bada ere, zuen astakeriei erantzuteko prest gaude, aurrean zutik izango gaituzue!”, izan ziren, zehazki, hark erabilitako hi-tzak. Hitz hauek esan ondoren, protesta egitea helburu zuen eserialdia gelditu eta zutitzeko eskatu zien Uribek bertaratutako guztiei. Jarraian, Arkada Social taldearen hainbat kanturen letrak gogoratu zituen. “Arkada Socialek abesti batean dio malkoak begitan ere irria eskeintzen daki; malkotik gatoz, baina irrira goaz. Borrei helduz ukabilak gogor estutzen dituztenen aurrean, irri egin eta Arkada Socialen Ukabilak gora abestuko dugu elkartasunez. Malkotik gatoz, baina irrira goaz. Elkarrekin jarraituko dugu, Xuhar, zure ondoan, eta zure familiaren ondoan ere bai. Zuen ondoan eta indarkeria polizialaren aurrean”, azaldu zuen Uribek bertaratutako guztien txalo zaparrada jasotzen zuen bitartean.
Laburbilduz, Xuhar Herri Plataformako kideek larunbateko egitasmoarekin zein beste hainbat ekin-tzekin adierazi nahi izan dutena da erakundeetatik datorren bertsio ofiziala ez dutela sinisten. “Egia bertsio lokaztu eta sinestezinetan ezkutatu nahi izan badute ere, guk ez dugu sinesten”, esan zuen larunbatean plataformako kideak. Biolentzia kate bat ere salatu nahi izan zuten. “Nekatuta gaudelako ere bai, azken hilabetean kale honetan hasi eta biolentzia kate bat osatu duten Bilbo, Gasteiz eta Donostiako esku hartze desproportzionatuez nekatuta. Indarkeria polizialaz nekatuta. Gure segurtasuna bermatu behar dutenak zarete, eta ez gu ospitalera bidaliko gaituztenak”, esanez amaitu zuen Beñat Uribek larunbateko protesta ekitaldia.