Aurten, Tolosako inauterietan hainbat liskar izan dira. Besteak beste, Astelenita goizaldean, Ertzaintzaren kargek hiru gazte zauritu zituzten aurpegian. Horien artean dago Ertzaintzaren pilotakada batek begi batean larri zauritu zuen Villabonako 16 urteko gaztea. Testuinguru honetan billabonatarrek Xuhar Herri Plataforma aurkeztu zuten asteartean, herriko billabonatar gaztearen aldeko elkartasun dinamika bat abian jartzeko. Plataformaren helburuak eta asmoak azaldu dituzte Beñat Uribe eta Nahikari Iturbe herritarrek. Aurkezpenean azaldu zutenez, “salaketa publikoa eginez elkartasun kanpaina abiatzea”, izango dute helburu, batetik, eta plan ekonomikoa garatzea bestetik. “Plan ekonomiko honek sortu ditzazkeen lanketa edo gainkostu ekonomikoak aurrera eramateko asmoarekin, baita familiari bide honetan laguntzeko asmoarekin ere, izan abokatua ordaindu behar delako edo zenbait salaketa jartzeko behar diren gainkostuak plan honek ordainduko lituzke”, azaldu zuten astearteko saioan. Baina plataforma honen helburu nagusia, bereziki, antolatzaileen hitzetan, babesa adieraztea izango da, “Xuhar bera eta senideak bide judizial honek iraun dezakeen guztian laguntzeko eta babestuta sentitzeko”.

Horretarako, barne mailan bi talde sortuko dituzte; batetik, talde motorra izendatu duten taldea egongo da, eta bestetik, plataformako kideak. Talde motorrari dagokionez, antolakun-tza ardurak bertan egingo dituztela azaldu dute. Hau da, talde honek erabakiko ditu ekimen eta ekintza guztiak, baita prentsa ohar, pankarta eta kartel ereduen prestaketa eta material guztiaren kudeaketa ere”. Gainera, talde motorra osatzen dutenek hori guztia plataformako gainontzeko kideei helarazteko ardura hartuko dute. Plataformako gainontzeko kideei dagokienez, komunitate sendoa sortzea izango dute helburu. Horretarako, orain arteko mobilizazioek izan duten indarra mantentzen saiatuko direla adierazi dute, bai hemen Villabonan egin zen prentsaurrekoan bezala, baita Tolosan egin diren mobilizazioetan bezala ere. Horregatik, talde honen ardura zabalpen lanak egitea izango da, bai kartel eta pankartak jarriz, baita sare sozialen bidezko zabalpena eginez ere.

Tolosan egin zen elkarretaratzean idatzi bat aurkeztu zuten “Ertzaintzak Tolosako inauterietan egindako kargen arrazoiak argitu eta eran-tzukizunak eskatuz”, eta atzo Amasa-Villabonako Udalean horren inguruko mozioa aurkeztuko zuten. Astearteko aurkezpen saioarekin amaitzeko, Xuhar Pazosek hartu zuen hitza eta aurkezpenera gerturatu ziren guztiak eskertu nahi izan zituen. “Eskerrik asko etorri zareten guztioi, asko eskertzen da zuen laguntza guztia”, adierazi zuen.