Ostegunean, hilaren 14an, abiatu zen Irundik 23.Korrika, eta, martxoaren 24ra bitarte, Euskal Herriko ehunka herri zeharkatuko ditu Baionara heldu arteko bidean. Tolosatik ere igaroko da, hilaren 23an, hau da, datorren larunbatean. Udaleko kideek azaldu dutenez, “festa giroan hartuko du Tolosak euskararen aldeko lasterketa, ekitaldi ugari izango baitira egun horretan”. Tolosan eragile, elkarte eta norbanako askok egingo dute bat Korrikarekin. Guztira bederatzi kilometroko ibilbidea egingo du Korrikak herrian barrena, 2438. kilometrotik 2447.era. Aurreikusitakoaren arabera, 13.45ak aldera helduko da lasterketa Tolosara, Artzabaltzatik barrena, eta bide hau egingo du: Iruñea hiribidea, Amarotz, Idoiaga-Beko bide, Euskal Herria kalea (Ibarra), San Frantzisko pasealekua, Enperadore kalea eta Belate pasealekua. Anoetarako bidea hartuko du handik.

Tolosako Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, aurtengoan ere, Udalak bat egingo du egitasmoarekin, eta 2445. kilometroa babestuko du. Enperadore kaletik Belatera bitartekoa, hain zuzen. Udaleko langileek eta Aitzol Udal Euskaltegiko ikasleek eta irakasleek ere erosi dute kilometro bana, bi kasuetan, norbanako bakoitzak jarritako diruarekin.

Korrika euskararen aldeko festa erraldoi eta garrantzitsua da bere horretan, baina jai giroa are gehiago hauspotzeko ekintza gehiago izango dira datorren larunbatean, Udalak, AEK-k, Galtzaundi Euskara Taldeak, herriko hiru ikastetxeek, Udaberri Dantza Taldeak eta Katxiporreta pailazo-taldeak elkarlanean antolatuta. Larunbata izanik, gainera, Azoka ere izango da, eta, hortaz, “giro paregabea” izatea da Udalaren zein beste eragileen helburu nagusia.

Festa

Goizean, 11.30etan, hasiko da festa Leidor aretoan. Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek. Ondoren, beste hainbat ekintzen artean, musika izango da nagusi. Izan ere, 15.30ak aldera, LaskoTxarangak kaleak girotuko ditu, eta Korrikak herria zeharkatu ondoren, Udaberri Dantza Taldearen fanfarraren eskutik poteo musikatua izango da 19.00ak aldera. Festarekin amaitzeko, afal ostean Laket taldearen erromeria izango da Zerkausian. Tolosako Udalak herritar oro animatu nahi izan du “modu batera ala bestera euskararen aldeko ekimen erraldoi honetan parte hartzera, eta beste behin ere Tolosako kaleetan euskararen alde egitera”.