650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren smartphoneetarako aplikazioa aurkeztu du aste honetan Usurbilgo Udalak. Ekitaldian jakinarazi zutenez, Android zein iOS telefonoetarako aplikazioa deskargatzeko moduan dago Play Storen zein App Storen, “hilabete luzeetako” lanaren ondoren. Tresna hau Elhuyarrekin eta Baturarekin elkarlanean sortua izan da.

Bisita gidatua

Hala, edonork egin dezake bisita gidatua, gida baten beharrik gabe, telefonoaren laguntzarekin: herriko interes guneak (Dema plaza, Zumetaren murala, Judas Arrietarena...) eta herriguneaz harago egin daitezkeen bestelako planak (zaintzari lotuta, Errotarrien bidea, herri-auzoak ezagutzea...) azaltzen ditu aplikazioak.

Horrez gain, interes gune horiek modu irisgarrian ezagutzeko bidea eskaintzen du. Era berean, bisita gidatuen agenda kontsultatu eta erreserbak egiteko aukera ere ematen du, 650 Usurbil Biziren webgunearekin lotura eginez.

Interes guneak

Ines Azpiazuk, 650 Usurbil Biziren dinamizatzaileak, gogoratu zuenez, 650 Usurbil Bizi aplikazio berriak badu “gertuko arbaso” bat: Adi Usurbil aplikazioa. 2016an sortu zuten, hura ere Elhuyarrekin elkarlanean: Harria Hitz ibilbidean bildutako artelanak QR sorta batekin identifikatu eta bisita nork bere kabuz egin ahal izateko modua ematen zuen. “650 Usurbil Bizi app-a bokazio horrekin sortu dugu, funtzio berriak eranstearekin batera”.

QR

Aurtengo eskaintza berriak prestatzen ari dira; badira hilabete ba-tzuk zaintza eredua ezagutzeko bisitak antolatzen dituztela. Horrez gain, beste bi bisita prestatzen ari dira. Batetik, elizako ondarea ezagutzekoa eta bestetik hondakinen kudeaketaren ingurukoa.