Juantxo Zeberio musikari tolosarra Tenpora taldeko kidea da. Ama izeneko laugarren diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko du taldeak datorren ostiralean Leidor aretoan. “Oso berezia” izango dela aurreratu du Zeberiok.

Datorren ostiralean, martxoaren 15ean, Leidor Aretoan ‘Ama’ izeneko laugarren diskoaren aurkezpena egingo duzue. Dena prest al duzue?

Bai, hori da, aurkezpen kontzertua izango da datorren ostiralekoa. Urtarrilean diskoa ofizialki komunikabideen aurrean aurkeztu genuen arren, oraindik ez dugu kontzerturik eskaini. Eta beraz, bai, esan genezake aurkezpen ofiziala egingo dugula. Ama izeneko lan honek, gainera, zuzenekoan bi formatu ezberdin izango ditu, eta ostiralekoa berezia izango dela aurreratu dezaket. Tolosan arituko gara gainera, gure etxean, eta hori beti da berezia.

Lehen zuzeneko hau ‘berezia’ izango dela esan duzu. Zergatik?

Orain arte egin ditugun lan guztietan boskotean aritu gara disko zein kontzertuetan, eta oraingoan, gure boskotea defendatzen jarraitzen dugun arren, zenbait berrikuntza sartu ditugu. Hari laukote bat eta koristak ere izango dira gurekin Leidorren, esaterako. Batetik, etxean egingo dugun kontzertu honi kutsu berezia eman nahi izan diogulako, eta bestetik, disko honen baitan egiten ditugun emanaldietan bi formatuetan aritzeko asmoa dugulako, boskotean, zein talde handiagoan.

Berrikuntza nabarmenekin zatozte, beraz.

Bai, dudarik gabe. Eszenografia aldetik ere baditugu zenbait sorpresa. Xabi Lozano tolosarra, eszenografia lanetan erreferente bat da eta bere lagun-tza izan dugu proiektu honetan. Gure asmoa benetan berezia den saioa burutzea da. Ostiralekoa guretzat ez da kontzertu bat gehiago.

Diskora salto eginez, denbora asko pasa duzue proiektu berri honen prestakuntzan. Orain artean Ama-ren berri izan ez duenarentzat, zer aurkituko dugu disko honetan?

Nolabait azaltzekotan, esango nuke diskoa bi gai nagusik zeharkatzen dutela. Bata, diskoaren izenak argi uzten duen moduan, ama da. Jatorria nire amaren heriotzan du. Ama duela hiru urte hil zen, eta kantu nagusia berari eskainia da, momentu hartan sortu bainuen. Eta bigarren gai nagusia pandemia da. Nik beti esaten dut pandemiak sortzaileei geure proiektuak garatzeko denbora eskaini zigula, eta amaieran nekea ere nabaritu genuen arren, zentzu horretan, oso garai emankorra izan zela. Diskoko lan gehienak itxialdi garaian burututakoak dira, eta beraz, gai nagusietako bat da, dudarik gabe. Erlauntzaren erregina kantuak, esate baterako, pandemiaren garaiko metafora moduko bat egiten duela esango nuke. Hasiera batean guztiok izan ginen oso jatorrak, erizain eta medikuei txalo eginez, baina denbora aurrera joan ahala bizilagunei edo ondokoei kontrolatzen eta zelatan hasi ginen. Harkaitz Cano idazlearen letren laguntzaz, horretaz hitz egiten du kantu honek.

Ez dira nolanahiko gaiak diskoarenak, beraz.

Ez. Oso gai garrantzitsuez ari garela kontziente gara, eta hasiera batean nik neuk izan nituen nire zalantza eta buru hausteak, baina nire taldekideekin egindakoak elkarbanatzerako garaian, argi ikusi genuen jatorriz gai potolo eta intimoak ziren arren, egoera unibertsala izan zela. Hau da, guztiok dugula ama bat, guztiok bizi ditugula horrelako egoerak modu ezberdinean... Heriotzaren gaia abiapuntu hartuta, guztiona den gaia jorratzen saiatu gara.

Diskoa entzun ez duenak pentsa dezake ‘disko tristea’ izango dela?

Agian bai. Baina ez nuke esango diskoa tristea edo alaia denik. Bizitzaren isla da. Goizean goiz esnatzen garenetik gauean lokartzen garen arte ez dugu irribarrea ahoan izaten. Momentu ezberdinak pasatzen ditugu guztiok, eta hori islatzen saiatu garela esango nuke. Baina, heriotza eta pandemia abiapuntu hartuta, bizitzaren kronika egitea izan da helburua. Laburbilduz, disko honek gehiago dauka bizitza ospatzeaz eta bizitza eman zigun hura ospatzeaz, heriotzaz baino. Ez dugu galdu dugun edota falta zaigun horri buruz aritu nahi, jada galdu dugun hori bizitzeaz izan dugun zorteaz baino.

Zein musika estilo edo mota aurkituko ditugu ‘Ama’ lanean?

Ez nuke Tenporan egiten dugun musika estilo edo mota batean klasifikatzen asmatuko. Musikalki, esango nukeen gauza bakarra, entzun egin behar den disko bat dela. Nolabait, denbora hartzea eta arreta jartzea eskatzen dizun lan bat egiten saiatu gara. Egun bizi dugun Internet, like eta momentuoroko zurrunbilo bizimodu horretatik ateratzeko gonbitea da gurea. Bederatzi minutuko kantu bat egin dugu, esate baterako, eta aitortza bat dela esango nuke. Badakigu ez dela irratietako edo plataformetako kanta entzunenen artean egongo, baina gurekin batera tarte bat hartu eta musikaz gozatu nahi dutenei egindako aitortza da.

Aitor Etxebarria ere proiektu honen parte izan dela esan duzue elkarrizketaren batean.

Bai. Aitorrekin egiten dugun bigarren diskoa da hau. Taldearen eta Aitorren arteko harremana aspalditik dator. Laguna izateaz gain, bere lana ezagutzen eta miresten dugu taldekideok, eta berak ere gurea miresten duela esango nuke. Lehen bi diskoak laguntzarik gabe egin genituen, eta ondo joan zirela esango nuke, baina Tenporak badu bokazio bat. Taldekideok barruan duguna transmititzeko tresna bat da, baina beti prozesu baten ondorio dira gure lanak. Azken finean, taldekide guztiak hamaika proiektutan gabiltza, eta askotan ensaiatzeko edo batera lanean aritzeko tartea izatea ez da erraza, baina Tenporaren bokazioa ez da inoiz hau izan. Guk beti izan dugu gustuko gure lanak, nolabait esatekotan, su geldoan sukaldatzea, eta horretan aritu gara orain artean. Ibilbide guzti horretan Aitor Etxebarriaren lana ezinbestekotzat joko nuke. Azken finean, kanpo begirada batek beti ematen dizu argitasuna. Askotan, zure lana egiten hilabeteak edo urteak pasatzen dituzu, eta zenbait gauzekin itsutu zaitezke, horregatik da kanpo begirada bat hain garrantzitsua. Aitor gure musikarekin bat datorren pertsona izateaz gain, musikaren munduan esperien-tzia ikaragarria duen produktorea da, eta asko lagundu gaitu, dudarik gabe.

Diskoan ere, hainbat musikari eta idazleren kolaborazioak ere izango dituzue.

Bai. Izan ditugun kolaborazioak oso garrantzitsuak dira guretzat, asko lagundu baigaituzte. Hala ere, kolaborazioak puntualak direla esatea gustatzen zaigu. Tenpora boskoteak osatzen dugu, eta noizean behin, kolaborazioak jasotzen ditugu. Lehen aipatu dudan Harkaitz Canoz gain, Karlos Linazasoro idazle tolosarraren letrak ere jasotzen ditu diskoak, esate baterako. Ama izeneko kanta nagusiaren letra berea da, eta oso historia polita du atzetik. Duela zortzi urte, Karlosek berak Faltan sumatzen dut izeneko poema bat bidali zidan, eta amaren heriotzaren ondoren pianoan inprimatuta eta gordeta nuela ohartu nintzen. Testu honekin egin dugu kantua, eta ederra izan da.

Elkarrizketarekin amaitzeko. Martxoaren 15ekoaz gain, itxi al duzue beste kontzerturen bat?

Bai. sei kontzertu itxi ditugu jada, eta beste zenbait ixteko bidean ere garela esango nuke, baina momentuz datorren asteko Tolosakoan jarri ditugu gure indarrak. Pasatzean, hasiko gara beste guztien berri ematen.