Tolosako EAJk astelehenean egindako agerraldian azaldu zuenez, Udalari lanketa urbanistikoa amaitu eta eskualdeko ospitale publikoa bertan eraiki ahal izateko suhiltzaileen pareko orubea Jaurlaritzaren eskuetan uzteko eskatu dio. Tramitazio urbanistikoa “atzerapenarekin” doala salatu zuen alderdi jeltzaleak astelehenean, eta gaiari lehentasuna emateko eskatu zion udal gobernuari. Horretaz gain, EH Bilduk ospitale publikoaren gaiarekin hartutako jarrera kontuan hartuta, hainbat gai argitu eta azpimarratzeko beharra ikusten dutela ere gaineratu zuten. Xarles Iturbe EAJko zinegotziak ere hitza hartu, eta ospitalearen gaia ez politizatzeko eskatu zion Udalari.

Iturberen ustetan, “ospitale publiko berriaren proiektua errealitate bihurtzeko aukera dela ikusi denean, harekiko zalantzak elikatzeko borondatea” ikusi dute EH Bildun. “Gipuzkoako osasun arreta zerbitzuen antolaketan, Tolosaldea salbuespen bat izan da, eta eskualdeko ospitale publikoa aldarrikapen ozena izan da. Ozen aldarrikatutako eskaerari erantzun egoki bat emateko pauso sendoak ematen direnean, eskualdean bultzada irmoa beharko lukeen unean, karramarroak bezala, batzuk atzera egiten ari direla dirudi” azaldu zuen.