Bertsolaritza, ipuin kontaketa, antzerkia, musika, arte plastikoa… Emakumeak protagonista dituzten hainbat adierazpenek hartuko dute hitza Oñatin datozen asteetan. Lehen aldiz emakume sortzaileen hamabostaldia antolatu du Udalak martxoaren 6tik 17ra bitartean, kulturari egin dioten ekarpena aitortzeko, bistara-tzeko eta belaunaldi berrientzako erreferente izateko xedearekin.

“Egia da oholtza gainean edo etxeko txikitasunean emakume sortzaile eta artista asko ditugula, eta hori da ekimen honen helburu nagusienetariko bat; ikusgarritasun hori bilatzen dugu, gure herrian kontzientzia sortzea, kolektibo moduan pentsaraztea eta, batez ere, euren lana goraipatu eta erreferente berriak bilatzea”, adierazi zuen alkate eta Berdintasun ba-tzordeburu den Izaro Elorzak.

Arlo profesionalean nahiz zaletasun mailan diharduten emakumeen jarduna batu dute egitarauan. Alde batetik, herrian jaio edo bizi direnei deialdi berezi bat egin diete, eta hamahiru artista prest agertu dira hilaren 8tik 22ra bitartean kultur etxean ikusgai egongo den erakusketan parte hartzeko (18.00etatik 20.00etara). “Adinari dagokionez, 19 urteko neska baten lanak daude, eta baita 60 urtetik gorako beste batenak ere. Disziplina artistiko desberdinek aberasten dute erakusketa: margolanak, makramea, bideoa, literatura…”, zehaztu zuen antolaketan dabilen Lide Osinagak.

Hauek dira parte hartuko duten artistak: Amaia Cuesta, Ana Arregi, Anabel Myriana Vasquez, Beatriz Igartua, Edurne Iriondo, Hortensia Alcala, Ines Murguzur, Leire Lopez, Marina Arregi, Miren Zuazola, Puri Tejerina, Teresa Diaz eta Idoia Etxeberria.

Emakume sortzaileen aldeko apustua egin du Udalak azken urteetan, Kultura zinegotzi den Iñaki Olaldek gogoratu zuen bezala. Era honetan, Sehaska kanta gorriari antzezlanaren sortze eta taularatze prozesua diruz lagundu zen iaz. Aurten, ordea, ekintzaz jositako hamabostaldia prestatu dute.

Ane Galdosen irudia

Programaren irudia Ane Galdosek sinatzen du, 2023ko herriko jaietako kartelaren egilea da bera. Hala, lehenengo hi-tzordua datorren asteazkenean izango da Bapateko bertso musikatuak izenburuko ikuskizunaren eskutik (kultur etxean, 18.00etan). Hurrengo egunean, hilaren 7an, Primi Erostarbe araoztarrak eta pandero joleak egin zuen lana ezagutzera emango dute ipuinak eta musika uztartzen dituen Larru marruak, Primi eta Maurizia ekitaldian (kultur etxean; 18.00).

Martxoaren 10ean, ordea, Zelako Kultur Ideia taldeak eMcumeak antzezlana eskainiko du Santa Ana an-tzokiko taula gainean (19.00; zortzi euro), eta 13an, Carolina Rueda narra-tzaile kolonbiarraren Gente, caminos y sucesos saioarekin gozatzeko aukera egongo da (kultur etxean; 18.00).

Bukatzeko, hilaren 17an, Lide Hernando musikariak Bele izeneko bakarkako proiektu berria aurkeztuko du gaztelekuan (12.30).