Jesus Tapia arkeologoak hitzaldia eskaini zuen ostiralean Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan, Alkizako aste kulturalari jarraipena emanez. 'Alkiza eta bere ingurua historiaurrean' izenburupean, bertan Alkizako Olatzazpiko koban iazko udan egindako indusketen emaitzen berri eman zuen Tapiak. “Prehistoria aztertzeko leku garrantzitsuenetakoak kobazuloak izaten direla” baieztatu zuen Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak ostiraleko saioan. Izan ere, arkeologoaren esanetan, “kobazuloak gizakiarentzat leku egokiak izan ziren bere garaian eta arkeologoentzat ere errazagoa da haien aztarnak bertan aurkitzea aire librean baino”. Tapia Filosofia eta Letretako lizentziaduna da eta Aranzadirekin hainbat indusketatan eta arkeologia-lanetan parte hartu izan du. Tartean, iazko udan Alkizako Olatzazpiko kobetan egindako indusketan.
Ehun urte atzera eginda, 1920. urtean, giza hezur batzuk eta eskuz egindako zeramikazko ontzi bat aurkitu zituen Isaac Lopez Mendizabal tolosarrak Alkizako Olatzazpiko kobazuloan. Handik denbora tarte batera, Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta Enrike Eguren arkeologoak kontaktuan jarri ziren Lopezekin, eta hark materiala erakustean bigarren esplorazio bat egin zutela azaldu zuen Tapiak ostiraleko Alkizako solasaldian. Gauza gehiagorik ordea, ez omen zuten topatu. “Orduz geroztik inork ez dio eskua sartu aurkikun-tza horri, baina gu orain sartu gara, Alkizako Udalak eskatuta”, gehitu zuen. Aurretik egindako lanaren eta datuen gainean hipotesi berriak eraikitzen joan direla ere azaldu zuen Aranzadiko arkeologoak, “metodo berriak erabiliz, haiek esandakoa zehazteko eta informazioa gehitzeko asmoz”. Horregatik, ostiralean, proiektu honen emaitzen inguruan aritu zen Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan eskaini zuen hitzaldian.