Astelehenean mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordeak hautatu zituzten. Lau udaletako 46 zinegotziak zeuden deituta. Legazpiko EAJko Miriam Galilea izan zen parte hartu ez zuen bakarra, kanpoan baitago. EH Bilduk 15 zinegotzi ditu guztira, EAJk 13, PSE-EEk 10, Ezkio Eraikizek 7 eta Legazpiko Berdeak+Independenteakek bat.

Lau hautagaitza aurkeztu ziren eta bozkatuena Jon Luqui buru zuen EAJrena izan zen. EAJk 22 boto lortu zituen. EH Bilduk (Julen Azpeitia) 15 boto lortu zituen, PSE-EEk (Mikel Serrano) 6 eta Legazpiko Berdeak+Independenteakek (Alberto Bezunartea) bat. Boto zuri bat ere egon zen. Hala, lehendakaria Luqui izango da. Lehen lehendakariordea bigarren hautagaitza bozkatuenaren hautagaia izango da (Azpeitia), bigarren lehendakariordea hirugarren hautagaitza bozkatuenaren hautagaia (Serrano) eta hirugarren lehendakariordea laugarren hautagaitza bozkatuenaren hautagaia (Bezunartea).