Amalur Jardunaldiak abiatuko dira ostegun honetan, otsailaren 22an, Tolosan. Udaleko kideek pasa den ostiralean aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez, “Tolosako Ekinbide Etxeak, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin” antolatzen dira jardunaldi hauek eta 19. edizioa izango da aurtengoa. Martxoaren 22ra bitarte zazpi hitzaldi eskainiko dira, eta hizlari lanetan Arantxi Padilla, Roge Blasco, Cesar Palacios, Erika Reija, Miriam del Rio, Jose Luis Rebordinos eta Ander Izagirre izango dira, hurrenez hurren. Horrez gain, aurten, berrikuntza modura, mintegi bat eskainiko du Fernando Valladaresek.

Ostiraleko aurkezpenean antolakuntza taldeko kideek azaldu zutenaren arabera, “gonbidatu guztiak erreferentziazko adituak dira, ikuspegi, iritzi, istorio eta pasarte anitz eta baliotsuak eskainiko dituztenak”. Miriam del Rio turismo ilunaren inguruan mintzatuko da; Erika Reijak TVEko korrespontsalak Errusiako gatazka izango du hizpide; Donostiako Zinemaldiko zuzendaria Jose Luis Rebordinosek zine-hirietatik ibilbide bat egingo du; Roge Blasco kazetariak bere 40 urteko esperientzia kontatuko du; Cesar Palacios Kanarietako naturaz eta gizakiaren historiaz arituko da; Ander Izagirre kazetariak Latinoamerika izango du hizketagai eta Arantxi Padilla ETBko korrespontsalak Kolonbia eta tximeleta horiak jarriko ditu mahai-gainean. Fernando Valladares biologoak, berriz, historia eta zibilizazio-eredua uztartuko ditu eskainiko duen mintegian. Arantxi Padillaren eta Ander Izagirreren saioak euskaraz izango dira eta beste guztiak gazteleraz.

Hitzaldi guztiak Topic-en izango dira, 19.00etatik 20.30etara. Sarrerak guztiz doakoak izango diren arren, aurretik “Topic museoaren webgunean erreserbatu” beharko direla azaldu dute antolatzaileek.