Bihar Donibanen eta San Pedron egun guztian zehar eta Antxon arratsaldez inauteriak ospatuko dira. Ekitaldiak burutzen diren bitartean segurtasuna bermatzeko, hainbat trafiko aldaketa egongo dira.

Pasaiako Udaltzaingoak jakitera eman duenez, Donibanen Lezobidea kalea itxiko da 10.00etatik aurrera egun osoan zehar. Beraz, autobusaren geltokia Meipiko biribilgunearen ondoan izango da.

Donibane kalera eta Bizkaia plazara Larrabide errepidetik eta San Roke eta Juan XXIII kaleetatik sartu beharko da. Irten, berriz, Bordalaborda kaletik irten beharko da.

San Pedron itxita egongo dira egun osoan Herriko Plaza eta Passamán Alargunaren kalea. 19.00etatik aurrera kalejira egingo denez, Arraunlari kalea itxiko da, Begi-Haundi tabernaren eta Arraun elkartearen arteko tartean. Zirkulazioa kaitik bideratuko da bi noranzkoetan.

Azkenik, Pasai Antxon, Udaltzaingoak esan duenez, 18.30etik aurrera karrozen desfilea egingo da, honako ibilbide honekin: irteera Ibaiondotik, Hamarretxeta, Blas de Lezo, Zumalakarregi eta Biteri plaza. Hortaz, kale hauek moztuta egongo dira desfilearen ordutegian.