Zumarragak herriko hamahiru gai landu ditu. Besteak beste, Legazpi kalearen, Ibaiondoren eta Eitzako atzealdearen zaharberritzeak dira aurrerantzean egin nahi aldaketarik esanguratsuenak.

Osteguneko osoko bilkuran Legazpi kaleko lanak esleitu ziren. Udalak Legazpi kalea oinezkoentzat erosoago egingo du. Horretarako, atari bakoitietako espaloia zabalduko du. Gainera, lurrazpiko edukiontziak jarriko ditu. Bide batez, Zelai Ariztiko aparkalekuko irteera hobetuko du. Obra Europako funtsen laguntzarekin egingo da eta lanak udan amaituko dituzte. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk absten-tzioa eman zuen.

Ibaiondoko obrari dagokionez, Udalak Campezo enpresari esleitu dio. Aurrekontua 587.619 eurokoa izango da eta bost hilabeteko iraupena izango du. Europako funtsen laguntzarekin egingo da. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.

Bestalde, Udalak itun bat sinatu zuen Aldundiarekin Eitzako atzealdea txukuntzeko eta osteguneko osoko bilkuran itun horren aldaketa onartu zuten. Izan ere, lanak atzeratu egin dira. Aldundiak Eitza atzealdeko erreka aurten aterako du aire librera. Ondoren, Udalak ingurua urbanizatuko du. Erreka aire librera ateratzeaz gain, bidegorria eta aisialdi guneak egingo dira. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuen eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.

Eitza Berri enpresarekin hitzarmen bat sinatzea ere onartu zuten. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Eitza Berri enpresak ez du alokairu publikoko 108 etxebizitzen ingurua urbanizatzeko modurik eta lan hori ez egitearen truke lursail batzuk emango dizkio udalari.

Arcelorreko eremuaren Plan Bereziaren behin-behineko onarpenak ere aurrera egin zuen. Arcelorrena zen lursailak industriala izaten jarraituko du. Errotonda bat egingo da Kaminpe parean Arcelorren koka-tzen diren enpresetako kamioiak herrigunera sartu ez daitezen. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten.