Tolosak Irati Lakunza omendu du bere izena daraman brontzezko plaka bat jarriz Usabal Kiroldegiaren atarian.Hegats igerilariak 2023ko Kirol Galako kirolari onenaren saria eta Sari Nagusia jaso ostean, astearte arratsaldean eginiko ekitaldian jarri zaio plaka kiroldeagiaren atarian.

Lakunzak ekitaldiaren amaieran azaldu zuenez, “jende askoren lana ordezkatzen du plaka honek, pazien-tzia askoren eta denbora askoren ondorioa baita”. Gainera, herriak egin dion aitortzagatik “oso pozik eta eskertuta” dagoela ere baieztatu zuen. “Aitortza niretzako da, eta baita ere nire taldearentzako, nire familiaren-tzako, nire lagunentzako” gehitu nahi izan zuen Lakunzak. Ekitaldiarekin bukatzeko, horrelako ekitaldi batekin kirol minorizatu bati egiten zaion aitortza ere eskertu zion igerilariak Udalari, “herritik hasi beharra dago oihartzun hori izaten, gero beste esparru batzuetan izateko” azalduz. Denboraldiari begira gaurko saria pizgarri bat dela ere baieztatu zuen.

Lakunzak ibilbide luze eta oparoa du hegats igeriketa munduan eta, hain zuzen, ibilbide hori eta azken urteotan jasotako lorpen guztiak aitortzeko, jarri dio Udalak bere izena daraman plaka. Munduko txapeldunordea da 400 eskafandra modalitatean eta 6. postua lortu zuen 2022ko munduko txapelketa absolutuan, 400 metroko proban. Horrez gain, Europako selekziorako ere hautatu izan dute. Igarondo Urpekoak taldeko kidea da Lakunza, eta gainerako taldekideek ohorezko pasilloa egin zioten ekitaldiaren hasieran, hegatsak eskutan hartuta. Ondoren, Udaberri Dantza Taldeko Irene Plazaolak agurra eskaini zion. Andu Martinez de Rituerto alkateak ere esker hitzak eskaini zizkion, “lortutako emaitzak baino, egindako bidea” balioan jarri behar dela azpimarratuz.