Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean Julio eta Juan Domenech anaiek El reencuentro (berriz elkartzea) erakusketa egingo dute. Juanek margolanak erakutsiko ditu eta Juliok maketak. Erakusketa bihar inauguratuko dute, 18.30ean, eta otsailaren 6ra arte egongo da zabalik. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoa astelehenetik larunbatera irekitzen dute: astelehenetik ostiralera 9.30etik 13.30era eta 15.00etik 21.00era eta larunbatetan 10.00etatik 13.30era.

Domenech anaiak Cordobako Palma del Rio herrian jaio ziren. Juliok bost urte eta Juanek bi zituztenean etorri ziren Euskal Herrira. Antzuolara, hain zuzen ere. Egun, Julio Bergaran bizi da eta Juan Zumarragan.

Juliok metalurgian lan egin du eta Juan postaria izan da, baina biei eskulanak asko gustatu zaizkie beti. Erakusketarako, Juliok hainbat maketa egin ditu ardo botilen kortxoekin. “Kortxozkoak eta sintetikoak erabili ditut. Sintetikoak hobeak dira halako lanetarako, ez baitira hausten”, aipatu du anaia zaharrenak.

Erromako koliseoa eta Pisako dorrea egin ditu, anaiak bultzatuta. “Erromatarren garaia asko gustatzan zait eta bi aldiz egon naiz koliseoan. Kortxoekin maketa egitea erabaki nuen eta hainbat tabernatan eskatu nituen. Zazpi hilabetean zehar, astero joan nintzen jasotzera. Kafea hartzen nuen, tabernariei egitasmoaren nondik norakoen berri ematen nien. Hilabete haietan inoiz baino kafe gehiago hartu nituen. 15.000 bat kortxo jaso nituen. Anaiari nire asmoaren berri eman nion eta bera ere horretan hasi zen”, azaldu du anaia gazteenak.

1,22 metroko pisako dorrea

Azkenean, Juliok berak baino lehenago bukatu du. Pisako dorrea eta Erromako koliseoa egin ditu. Pisako dorrearen maketak 1,22 metroko altuera eta 30 zentimetroko diametroa du. Kortxoak eta kortxo zatiak itsasteko silikona beroa erabili du, oso azkar eta ondo itsasten duelako.

Julio Domenechek 3.500 kortxo inguru erabili ditu aipatutako bi eraikinak egiteko. “Kortxoarekin lan egitea erraza da, baina moztea ez horrenbeste. Cutterrak erabili ditut. 20 bat cutter erabili behar izan ditut”, azaldu du Bergaran bizi den anaiak.

Juanek, berriz, 28 bat margolan erakutsiko ditu. Olioarekin egindakoak, pintura akrilikoarekin, akuarelarekin, klarionarekin... Marketeria teknikarekin egindako lanak ere erakutsiko ditu. “Musulmanek ekarritako teknika da. Egurrarekin egindako mosaikoa da. Puzzle modukoa. Lan handia ematen du, egur piezak oso finak baitira. Margotu, moztu, itsatsi... egin behar dira”.

Erromako koliseoa azkenean bere anaiak egin duenez, berak Oropesako (Castello, Herrialde Katalanak) Erregearen Dorrea egiten hasi da. Tabernariei eskerrak eman nahi dizkiete emandako laguntzagatik eta herritarrak erakusketara gonbidatu dituzte.