Urretxu – Sormonak sormen lehiaketako sariak banatu zituen Urretxuko Udalak ostegun arratsaldean udaletxeko portaloian. Sormen lehiaketa horretan Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten 14-18 urteko gazteek parte hartu dute. Helburua gazteek sormena garatzea eta nerabezaroaren ikuspegi positiboa zabaltzea izan da. Parte-hartzaileek sortu nahi duten hori garatzeko baliabideak eta adituen laguntza izan dituzte. Egitasmoak arrakasta izan du eta irailean bigarren edizioa martxan jarriko dute.
Sari banaketa ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak eta Beñat Zamalloa Gazteria teknikariak parte hartu zuten. Bakarkako bi lan original saritu dira: Leire Ferrero Muñozena eta Olaia Castro Vicenterena. Ferrerok margolan bat egin du eta Castrok abesti bat konposatu du.
Taldekako lanei dagokienez, beste bi lan saritu dituzte. Alba Rubio, Vika Lesmes, Irantzu Serrano, Maialen Segurola, Mafer Cervantes, Naiara Mora, Malen Arnaiz, Naira Barreros eta Soad Castrok artelan bat aurkeztu dute. Aner Pozo, Julen Agirre, Xabat Arroitaonandia eta Hodei Salaberriak, berriz, kart bat egin dute. Gainontzeko parte-hartzaileek diplomak jaso dituzte.
Esan bezala, sortzaileek adituen laguntza izan dute. Maddi Iraeta Irigarai artistak Ferreroren lana oso ondo eginda dagoela eta oso berezia dela esan du. Eñaut Elorrieta Larruzea musikariak, berriz, Castrok ahots melodikoa eta sakona duela eta emozio handia nabaritzen dela esan du. Taldean egindako artelanari dagokionez, Iraetak ideia oso interesgarria dela aipatu du. Bukatzeko, Ane Etxezarreta automobilismoan adituak karretilla batekin eta bizikleta batekin kart bat egiteak meritu handia duela esan du.