Euskal kulturaren transmisioa bermatzeko tresna bezala sortu zena, Urretxu eta Zumarragako ikasleak dituen Gainzuri ikastetxeko ikur nagusietakoa bilakatu da egutegia. Aurtengoaren gaia euskal musika da. Egutegirako egindako eskulanak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoan ikusgai jarri dituzte. Larunbatera arte egongo dira bertan: gaur eta bihar 9.30etik 13.30era eta 15.00etatik 21.00etara eta larunbatean 10.00etatik 13.30era.

Egutegia Euskal kultura anitzak ematen dio kulturari bizitza lelopean landu dute. Haur Hezkuntzako hiru urtetik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko ikasle guztiek parte hartu dute.

Irailean eman zioten hasiera proiektuari eta zaila izan da artisten aukeraketa egitea. “Musikak euskal kulturari asko eskaini dio eta talde eta bakarlari asko genituen aukeran. hamabi hilabeteetan agertu behar zirenak aukeratzeko, umeentzako erreferenteak direnak kontutan hartu nahi izan ditugu. Baina, era berean, garai bateko bakarlari zein talde ospetsuenak ezagutarazi nahi genituen. Bestalde, emakumeen presentzia goraipatu nahi izan dugu, euskal musikari eta euskal kulturari ematen dioten ekarpenari garrantzia emanez. Aukeratutako euskal talde zein bakarlari bakoitza lantzeko lan plastiko bat egin dugu”.

Urtarrila Hertzainak taldeari eskaini diote, otsaila Neomak taldeari, martxoa Imanol Urbietari, apirila Ines Osinagari, maiatza Uxue Kerejeta zumarragarrari, ekaina Zea Mays taldeari, uztaila Merina Gris taldeari, abuztua Fermin Muguruzari, iraila Zetak taldeari, urria Izarori, azaroa Mikel Laboari eta abendua Su Ta Gar taldeari.

Bai erakusketan eta bai egutegian talde eta musikari bakoitzaren ezaugarriak eta ibilbidea jaso dituzte. Talde eta musikari bakoitzak bere tokia du: Hertzainaken mahaian kartoizko gitarra, saxofoia eta soinu txikia ageri dira; Neomaken mahaian beraien arropak eta panderoa; Urbietaren txokoan Land Rover autoa; Osinagaren mahaian Itsasoa da bide bakarra lanaren inguruko eskulanak; Kerejetari dagokion tokian soinu txikia, panderoa eta marrazkiak; Zea Maysen txokoan beraien panpinak eta gitarra bat; Merina Grisen mahaian gitarrak eta beraien panpinak; Muguruzaren txokoan instrumentuak eta musika erreproduktoreak; Zetaken tokian beraien panpinak eta gitarra bat; Izaroren txokoan instrumentuak eta marrazkiak; Laboaren mahaian Jose Luis Zumetaren lanean oinarritutako marrazkiak eta Su Ta Garren txokoan instrumentuak eta panpinak.