Aldundiak Bidasoako trafikoaren eta mugikortasunaren diagnostikoa egiteko eskatu zuen txostenaren datuak ezagutzeko, Hondarribiko EAJ-ko Juan Luis Silanes eta Gonzalo Carrion zinegotziak María Ubarretxena Bide Azpiegituretako Foru Diputatuarekin bildu dira.

Ikerketan, Aldundiaren bide-saretik igarotzen den mugikortasunari eta trafikoari eragiten dioten hainbat puntu aztertu ziren. Hondarribiarentzat alderdi interesgarrienen artean honako hauek nabarmendu ditu EAJk: Amute eta Mendelu arteko mugikortasuna hobetu dezaketen konponbideak, GI-636 errepidea Hondarribitik igarotzean hobekuntzak, aireportuko errepidean bidegorri bat eraikitzeko aukerak aztertzea eta Zubietako etorkizuneko Campus Teknologikora sartzeko aukerak aztertzea.

Bilera eta gero, Carrionek eskerrak eman zizkion Aldundiari gaur egun hondarribiarrei eragiten dieten mugikortasun-arazoak konpontzeko erakutsitako jarreragatik. “Aurreko legealdian lan-mahai bat jarri genuen martxan Mendeluko bizilagunekin, eta haien eskaeren puntu garrantzi-tsuenen artean mugikortasunarekin lotutakoak nabarmentzen ziren”.

Ildo beretik, Ubarretxenak nabarmendu zuen “harreman estuarekin jarraitu eta Hondarribiarentzat zein Gipuzkoa osoarentzat garrantzitsuak diren erronkei” erantzungo zaiela legealdi honetan, lankidetzaren eskutik, “Bidasoaldea estrategikoa baita lurralde ikuspegitik eta hondarribiarren behar eta eskaeretatik gertu egon nahi dugulako Aldundian”.

Azkenik, EAJ udal taldeko kideek erakundeekin elkarlanean jarraituko dutela adierazi zuten, “hondarribiarren eskariei irtenbideak eskaintzen jarraitzeko”. Zentzu horretan, aurrera egiteko formula lankidetza eta elkarlana direla ziur daudela esan zuten, baita “interes berezia” jarriko dutela “horretarako aurkezten zaizkigun aukera berrien aurrean”.