2013-2014 ikasturtean Pasaiako Udalak Jabetze Eskola (PJE!) sortu zuen, berdintasun Mahaiaren eta eragile feministen proposamen bat aintzat hartuz. Hortaz, ikasturte honetan bere hamargarren urteurrena ospatzen da.

PJE! emakumeak ahalduntzeko, euren eskubideen jabe egiteko, haien bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa da. Hori, urtero antolatzen diren ikastaroen, tailer laburren, hitzaldien eta talde iraunkorren bitartez lortzen da.

Laura Rék, Berdintasun zinegotziak, egunkari honekin izandako elkarrizketa batean azpimarratu zuenez, mugimendu feminista azken hamar urte hauetan asko aldatu da, “bai munduan, bai Estatuan eta bai Euskal Herri mailan ere, prozesu ezberdinak abiatu dira”. “Puntu desberdinetan egon arren, argi dagoena da toki guztietan geroz eta transbertsalagoa eta intersekzionalagoa dela eta beste behar batzuei erantzun nahi diola; adibidez LGTBI kolektiboa mugimendu feministaren barruan kezka eta behar bat da”, azaldu zuen.

Hortaz, eskaera eta behar berri batzuk daudenez, Jabetze Eskolak horiei erantzun behar die eskaintzen dituen ikastaroak egokituz eta berri batzuk proposatuz.

Adibidez, Gure gorputza despatriarkalizatuz, orain dela hamar urte ematen ez zen eztabaida bat da, beste testuinguru batean ginelako. Maitasunarekiko eta harreman mota ezberdinen inguruko hausnarketak ere abiatu dira, beraz aldatzen joan dira kurtsoak eskaera berriei erantzuteko”, esan zuen zinegotziak.

Jabetze Eskolan bi matrikulazio kanpaina daude, bat irailean egiten dena, Udazkeneko matrikulazio kanpaina, eta bigarrena bihar bertan abiatuko dena eta hilaren 30era arte luzatuko dena, Neguko matrikulazio kanpaina.

Aitzole Araneta Berdintasun teknikariak esan zuenez, urtez urte Jabetze Eskolako matrikulazioetan igoera bat eman da. “Udazkeneko matrikulazio kanpainan, urte erdi honetan 250 emakume inguru daude apuntatuta, inoiz baino gehiago eta igoera esponentziala izan da. Geroz eta eskaintza zabalagoa dugu ere. Eskaintza hau Berdintasun Mahaiaren inguruan dauden eragile feministek proposatzen dute”, zehaztu zuen. “Harrera ona izan du Jabetze Eskolak hamar urte hauetan, eskaintza konektatua dagoelako Pasaiako ehun edo sare feministarekin eta gizarteko beharrei eran-tzuten diotelako”, laburbildu zuen Aranetak.

Honen harira zinegotziak anekdota bat kontatu zuen: “Aurten zalantza izan dugu tailer batekin. Ez genekien Brikolaje eta etxeko konponketak tailerrak harrera ona izango zuen, berria zelako, eta plaza guztiak betetzeaz gain datorren ikasturterako dagoeneko itxaron zerrenda dago”.

“Batzuetan proposatzen ditugun tailerrekin arriskatzen gara eta oso pozgarria da ikusten dugunean asmatu egin dugula”, gaineratu zuen Rék.

“Adibidez, oraingo matrikulazio epean badago ikastaro berri bat, Orientazioa eta mendi martxa, orain dela hamar urte mahaigainean ez zegoena”, aipatu zuen Aranetak.

Amaia Garciak, bigarren Berdintasun teknikariak, azkeneko tailer hau Kirol sailarekin batera antolatu dutela zehaztu zuen. “Guretzat garrantzitsua da beste departamentuekin eta zerbitzuekin lana egitea eta Kirol sailarekin baditugu beste bi programa: Emakume Korrikalari eta Emakume Palistak”, gaineratu zuen. “Kirolarekin lotutako jarduerak Jabetze Eskola zabaltzeko modu bat dira eta normalean Jabetze Eskolara etorriko ez ziren emakume batzuk, emakume gazteagoak, etortzeko balio dute, profil desberdinetakoak”, amaitu zuen Garciak.