Urte berriarekin batera, Lezok urtarrila-ekain bitarteko bere kultur egitaraua aurkeztu du, ikuskizun gehienak euskaraz izango dira.

Guztien artean batzuk azpimarratu zituzten Jon Legorburu Kultur zinegotziak eta Xanti Val teknikariak. Esaterako, arte eszenikoen barruan, sei antzerki emanaldi antolatu dira helduentzat, horietako bi Orratx herriko antzerki taldearenak. Gainera, goi mailako bi dantza emanaldi ere egongo dira.

Orobat, Jaizkibel mendi lasterketaren inguruan hitzaldi bat egongo da, Oihana Cortazar mendi lasterkariak eskainiko duena; bost literatur solasaldi egongo dira udal liburutegian eta musikari dagokionez, aurten Lesoinu hiru txandatan garatuko da: otsailean, martxoan eta maia-tzean izango dira era askotariko emanaldiak.

“Egitarau interesgarria antolatu da eta denetarik izango dugu herrian neguan eta udaberrian: musika, an-tzerkia, zinema, hitzaldiak, kultur solasaldiak… Ekitaldi gehienak Gezalan izango dira, beste batzuk liburutegian, kalean edota musika eskolan”, adierazi zuen Legorburuk. “Herritarrek ekitaldi hauekin goza-tzea espero dugu”, gaineratu zuen Kultura teknikariak.

Egitarau honen antolaketan Tomas Garbizu musika eskolak, udal liburutegiak eta Kultura sailak parte hartu dute. Horrez gain, Udalak eskerrak eman zizkien agenda hau osa-tzen lagundu duten Lezoko Zinema Ttikiari, Orratx! antzerki taldeari eta Lezo Jaizkibel mendi lasterketa taldeari.

Egitaraua etxez etxe banatzen hasi dira eta Lezoko Udaleko webgunean eta app-an eskuragarri dago ere. Sarrerak udaleko webgunean erosteko aukera izango dute herritarrek (lezo.eus/eu/agenda).

Oiartzun eta lete

Bestalde, Oiar-tzungo Udalak eta herriko eragileek kultur egitarau mardula prestatu dute hilabete honetarako.

Horien artean bat aipatzekotan igande honetan 19.00etan Landetxen eskainiko den Hesia urraturik ikuskizuna da. Obra honek Xabier Lete omentzen du bere jaiotzaren 80. urteurrenaren harira.

Joxan Goikoetxea zuzendaritza musikalaz arduratzen da eta, besteak beste, eszenatokian Landarbaso abesbatza, Klara Mendizabal sopranoa eta Beñat Egiarte tenorra arituko dira.

Atzo webgunean lau sarrera besterik ez ziren gelditzen zortzi euroren truke.