Atzo arratsaldean Santa Lutzi eguneko argazki rallyko sariak banatu zituzten Urretxuko udaletxean. Lehen saria Gorka Gomez legazpiarrak irabazi du, bigarrena Javier Lopez durangarrak eta hirugarrena Iker Gutierrez zumarragarrak. Herriko bilduma onenari saria Guillermo Murciego urretxuarrak lortu du. Gaztetxoei dagokienez, bilduma onena Raul Ruiz urretxuarrak aurkeztu du. Bigarren saria Aratz Alonso zumarragarrak lortu du.

Gomez Legazpiko Ikatza argazkilari taldeko kidea da. Elkarteko lagunekin parte hartzen du rallyetan. “Pandemia garaian rallyetan parte hartzeari utzi genion eta uda ondoren hasi gara berriro. Rallyetan parte hartzea asko gustatzen zaigu, argazkiak ateraz goizaz gozatzeko aukera ematen baitigute”.

Herriz Herri izeneko argazki rally ligan parte hartzen ari dira, baina hortik kanpokoetan ere bai. Gomezek Legazpiko, Altsasuko, Azpeitiko eta Santa Lutzi feriako rallyak irabazi ditu udatik hona.

Santa Lutzi egunekoa gustuko du. “Rally berezia da, feria bat baitu ardatz. Gainera, etxetik gertu da. Lehiaketara sei argazki aurkeztu genituen, bakoitza gai bati buruzkoa: ganadua, artisautza eta bertako produktuak, Urretxu eta Zumarraga, silueta, testura eta gai librea”, azaldu du Legazpiko argazkilariak.