2024ko lehen hiruhilekoan hasiko dira egiten Urretxuko eguzki parkea. Next Generation funtsen laguntza jaso du, 1.159.000 eurokoa hain zuzen ere, eta 1.800 lagunei zerbitzua emango die. Urretxuko Ekiola eguzki parkea argindarra sortuko duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango da.

Egitasmoa aurrera ateratzeko, Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Ekiola Energia Sustapenak enpresarekin. Hitzarmenean sinatutakoaren arabera, Udala aldundiarekin harremanetan jarri zen eta Iturbe Behekoa baserriaren ondoan dagoen 75.027 metro koadroko lursaila eskatu zion. Ondorioz, aipatutako lursaila lehen sektorerako eta Ekiolarako erabili daiteke. Eguzki parkeak hektarea eta erdi izango du.

Ezkio-Itsaso ere bai

2022ko azaroan Udala Urretxuko Ekiola kooperatiban sartu zen eta urte bereko abenduan Ezkio-Itsasoko Udalak ere pauso hori eman zuen. Hurrengo pausoa obra martxan jartzea izango da.

Lehen fasean parkeak aipatutako hektarea eta erdia hartuko du. 745 kontsumitzaileei argindarra eskainiko die (1.800 pertsona).

Kooperatibak hainbat helburu ditu. Tokiko energia komunitatea izango da eta kontsumitzaileek egitasmoan parte hartuko dute. Eguzki parketik 25 kilometro baino gutxigora dauden guztiek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzea erabakitzen duten pertsona, enpresa txiki, denda edo elkarteek energia berriztagarria sortu eta kontsumituko dute. Burujabeak izango dira. Energiaren benetako kostua ordainduko dute, ez gehiago. Gainera, prezioa egonkorra izango da.