Bihar 19.00etan, Errenteriako Niessen kulturgunean Xabi Madina eta Ebi Soria artistek X2 dantza garaikideko emanaldia eskainiko dute. Ikuskizuna Katapulta plataformak sustatu du, Kutxa Fundazioaren babesarekin eta Niessen kulturgunearen kolaborazioarekin.

Ebi Soria diziplina anitzeko artista, musikaria, koreografoa, aktorea eta irakaslea da. Donostiako Musika eta Dantza Eskolan eta Bartzelonako Taller de musics delakoan trebatu zen. Bere ibilbidea musikan hasi zuen, eta pixkanaka, gertuko beste diziplina batzuetara jotzeko interesa agertu zuen, hala nola dantza, performancea...

Xabier Madina dantzari interpretea da. Halaber, Kolorearekin Elkarte Artistikoa elkartearen sortzaileetako bat eta presidentea ere bada. Elkarte honek desgaitasuna duten pertsonek arteetarako sarbidea izatea sustatzen du Donostian.