Belabietako batailaren 150.urteurrena ospatzen aritu dira, pasa den aste guztian zehar Villabonan. Izan ere, Amasa-Villabonako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera bataila hura oroitzeko ekitaldi ugari egin ditu aste guztian zehar, eta igandean, izan zuten azken ekitaldia. Belabietako batailan parte hartu zuten batailoien irudikapena egin zuten Tolosako Handia Kultur Elkarteko kideek, garaiko jantzi eta eskopetekin. Irudikapenaz gain, bertan izan ziren Oihana Iguaran bertsolaria eta Oinkari dantza taldeko kideak, bertsoak eta dantza eskainiz.

Irudikapena amaitu ondoren, Arantzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre lehendakariak hartu zuen hitza, eta “duela 250 urte gertatutakoaren inguruaren ikerketa egiten ari diren billabonatarrak” egindako lanagatik zoriondu nahi izan zituen. Horretaz gain, Villabonako eta gainontzeko udalek egindako lana eskertu zuen Agirrek, eta, ekitaldia xumea izan arren, “duintasunez beterik” zegoela baieztatu zuen. Agirreren ondoren, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak hartu zuen hitza, eta berak ere 1873. urteko abenduaren 9an Belabietan gertatutakoa ekarri zuen gogora. “Udal bezala, gure herriaren historia ezagutzeko eta herritarren artean zabaltzeko zeregina dugula pentsa-tzen dugu, eta Belabietako batailaren azterketa eta aste honetan antolatu ditugun ekintzak hor kokatzen ditugu: 14.000 soldadu, bi armada, bata karlista eta bestea liberala, eta ordu gutxiko borrokaren ondorioz, 600 hildako inguru eta ehunka zauritu” azaldu zuen Unzuek. Giza eskubideen ikuspuntutik, “sekulako sarraskia”, eta “sekulako tragedia humanoa” izan zela ere baieztatu zuen Villabonako alkateak.

“Berez, ez da ospatzeko edo harro egoteko zerbait. Kontrakoa esango nuke. Ez dugu inon horrelako zerbait errepikatzerik nahi. Zoritxarrez, azken asteetan Gazan ikusten ari garenak erakusten digu giza eskubideen alde eta indarkeria gerraren aurka asko dagoela egiteko, eta, horregatik, bakean oinarritutako etorkizuna aldarrikatu nahi dugu Udaleko kide guztiek” nabarmendu zuen amaitzeko. Ekitaldiari amaiera emateko, Uxutoki elkartean hamaiketakoa egin zuten parte-hartzaile guztiek.