Alkizako Udaleko ordezkariek baieztatu dutenez, kutxazain berria jarri dute aste honetan bertan. Izan ere, Iñaki Irazabalbeitia alkateak eta Xeber Irastorzak Kutxabankeko ordezkariak, “kutxazain berriaren funtzionamendua aztertu dutela” baieztatu dute.

Iñaki Irazabalbeitiak akordura ekarri du duela hiruzpalau urte herriko kutxazaina ixteko asmoa zegoela jakin zuela udalak eta horrek kezka handia sorrarazi zuela herritarren artean. Udalak garai hartan Kutxabankeko arduradunekin hitz egin zuen azaltzeko kutxazain-zerbitzua herrian izateak mesede handia egiten diela alkizarren egunerokotasunari. “'udalak eskertu egiten du, zinez, Kutxabankek herritarren eta udalaren eskaera aintzat hartu eta iritziz kanbiatu izana. Herritarrak oso gustura daude orain kutxazainaren zerbitzu hobetuarekin” baieztatu du Irazabalbeitiak.

Bestalde, Irastorzak adierazi du aurreko makina zaharkitua aldatu izana eta bere ordez funtzionalitate eta segurtasun handiagoko makina berria jarri izanak adierazten duela Kutxabankek landa-herrietako herritarrekin eta udalekin finantza-zerbitzu egokia emateko duen konpromisoa. “Alkizakoa Tolosaldeko herri txikien kutxazainak berritzen aurrena izan da eta gainerako herrietakoa etorriko dira segidan” gaineratu du.