Atzo eguerdian Zumarragako Kirolaren Gala egin zuten udaletxean. Udalak urteko kirolari onenak saritu zituen. Aurten bi izan dira sarituak: Nicolas Alustiza txirrindularia eta Josetxo Mujika triatloilaria.

Alustizak 20 urte ditu eta lau garaipen lortu ditu 23 urte azpikoen mailan (Durana, Iturmendi, Segura eta Antzuolan) eta datorren urtean profesional mailan arituko da, Euskaltel-Euskadirekin.

Mujikak 66 urte ditu. Distantzia luzeko munduko txapelketa irabazi du, 65 eta 70 urte bitartekoen mailan, eta baita distantzia erdiko Euskadiko txapelketa ere. Iaz Europako distantzia erdiko txapelketa irabazi zuen eta Tel Aviveko Iron Mana irabazi zuen.

Josetxo Mujika Jesus Mari Piñeiro lagunekin joan zen eta Alustiza bere senitartekoekin. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza, Arantxa Gonzalez, Ainhoa Osinalde eta Belen Baztarrika zinegotziek parte hartu zuten.

Serranok kirolarien esfortzua eta senitartekoen laguntza goraipatu zituen. Bestalde, Mujikak datorren urtean Hawaiiko Iron Manean parte hartuko duela eta Udalaren laguntza izango duela aurreratu zuen. .