Mattin Jauregi eta Inaxio Arin aspalditik dira lagun. Mendian eta beste zenbait afiziotan elkar ezagutu zuten, eta, egun, Balerdipeko Erleak proiektuaren sortzaile eta arima direla esan daiteke. Afizioa ofizio bihurtzea erabaki zuten bi gazte ekintzaileren abentura da, ohikoa den bizitza horretatik atera eta egungo gizartean protagonista diren Internet, plataforma handi eta globalizazioaren garaian, bertako produktuekin, bertako lurretan eta bertako jendearentzat sorturiko proiektuak dira. Izenak ondo dioen moduan, Balerdi mendiaren magalean lan egiten dute, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan.

Hasiera batean lehen erlauntzak Artubi mendiaren magalean jarri zituen Jauregik, bertako baserri batean, eta beraz proiektuari Artubipeko Erleak izena jarri ziola aitortu du, baina, berak dioenez, segituan aldatu zituen erlauntzak tokiz, eta Balerdi mendi ingurura mugitu zen proiektua. “Izenarekin ez genuen zalantzarik izan, guretzat txoko berezia da Bedaiokoa, Balerdi mendiaren babesean dago, eta orain erlauntzak Euskal Herriko txoko ezberdinetan ere baditugun arren, jatorria bertakoa da” azaldu dute bi gazteek. Mattinen familiak beti izan du lotura baserriaren eta animalien munduarekin, baina erleena ez da gaztetatik ezagutu duen mundua. Berak azaldu duenez, 2019an Bedaion, “jakinminak bultzatuta”, erlauntza parea jartzea erabaki zuen. Lehen urtean negua pasatzerik izan ez zuten arren, Mattinek ikastaro bat egin eta berriz ere erlauntzak jartzea erabaki zuen. Eta bigarren urtean bai, proiektuak aurrera jarraitzea lortu zuen. “Besterik gabe, beste lan bat nuen arren, afizio moduan hasi nuen zerbait izan zen hau, kapritxoz egindakoa” azaldu digu. Orain, 4 urte beranduago, bere burua erlezaintzat duela baieztatzen du Jauregik, oraindik ikasteko asko duela ere esaten duen arren. Inaxio, aldiz, sukaldaria da ikasketaz, baina beti izan du lotura estua mendiarekin eta animaliekin. “Mattin laguna da, eta erlaun-tzak ikustera joateko gogoa nuela esan nionean, segituan gonbidatu ninduen berera. Lehen egunean etorri eta engantxatu nintzen mundu honetara, eta proiektuan sartu nin-tzen” dio Arinek. Sukaldari izateaz gain, erlezaina ere bada orain Inaxio, eta Balerdipeko Erleak proiektu soil izatetik marka izateko lanean aritu da Mattinekin batera. Buru belarri ari dira orain lan eta ideia ezberdinei forma ematen.

Balerdipeko Erleak markak lehen pausoak eman zituztenetik 4 urte bete diren honetan, etengabeko hazkuntzan jarraitzen du egitasmoak. “Ofizialki proiektua martxan jarri genuenean hamabost erlaun-tza genituen, eta Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako eremu ezberdinetan erlauntzak jarri genituen, 90 inguru izatera iritsi ginen arte. Azken hilabeteetan ordea 20 erlauntza kendu behar izan ditugu eta, beraz, 70 inguru ditugu orain” baieztatu du Arinek. Apis Mellifera Iberiensis arrazako Erle Beltzekin egiten dute lan bi gazteek. Bertako erle autoktonoak dira hauek, Euskal Herrikoak. “90eko hamarkadan erlezaintza profesionalizatu egin zen eta produkzioaren masifikazioa ekarri zuen honek. Masifikazioaren ondorioz erlezainak kanpoko espezieekin hasi ziren lanean, eta oraindik ere ohikoena da hau gaur egun. Guk ordea, bertako erleekin lana eginda produktu bikaina egin daitekeela aldarrikatu nahi dugu” dio Mattinek. Bertakoaren aldeko apustua egin izan dute beti Jauregi eta Arinek eta, ideia honen baitan, etengabeko hazkuntza izan dute urte hauetan zehar. Egun, beste hainbat zerbitzuen artean, azoketan zein Internet bidez mota askotariko produktuak saltzen dituzte astez aste. “Hasieran produktu errazenekin hasi ginen lanean. Erlezaintza munduan ezagunenak diren polena, eztia, propoleoa, etab. saltzen genituen. Denbora aurrera joan ahala, ordea, negozioa dibertsifikatzeko apustua egin dugu eta, produktu fisiko edo materialak saltzeaz gain, erlezaintzaren baitan dauden lan mota ezberdinak egiten ere hasi gara” dio Inaxiok. Izan ere, Mattinek Inaxiok azaldutakoaren harira gehitu nahi izan duenez, Gipuzkoa sagarrondoz beteta dagoen eremua da, eta sagarrondo hauek polinizazioa egin ahal izateko ezinbestekoa da erleen lana. “Konturatu ginen geroz eta erle gutxiago zeudela baserrietan, eta jendeak bazuela polinizazio zerbitzu horren beharra. Eta beraz, irratian egindako elkarrizketa baten harira deia jaso genuen, eta zerbitzu hau ere ematen hasi ginen” azaldu digu. Sukaldaritza mundura ere egin dute salto eskualdeko bi gazteek, Inaxioren eskutik. “Eztitik eratorritako produktu ezberdinak sortzen hasi gara. Eztia protagonista izanda garaiko hainbat produktuekin sortutako bestelakoak ere ditugu” dio sukaldariak.

Azoken garrantzia

Azken hilabeteetan telebista, irrati eta Interneten proiektua saltzen ibiltzeaz gain, azoketara ere egin dute salto Balerdipeko Erleak markako kideek eta, bikote gazteak dioenez, “oso berezia da jendearekin hartu-eman zuzena izatea”. Izan ere, gehien horretatik ikasten dela diote. “Astebururo, besteak beste, Tolosako azokan egoten gara orain, eta oso berezia da guretzat” azaldu du Mattinek. “Bertan urteak daramatzaten baserritarrek hasieran esan ziguten astebururoko bezero horiekin parrokia egitea dela garrantzitsua, beraiei ezagutu, eta beraiekin ikastea” gehitu du Inaxiok. Proiektu honek gainera, Jauregi eta Arinen esanetan, gehiago du “esperimentaziotik analisitik baino”. “Akats mordoa egiten ditugu, baina pixkanaka ofizioa ikasten goazela esan daiteke. Eguneroko lan ezberdinetan ikasten dugu gehien, eta inguruan ditugun baserritar eta erlezainen aholkuak entzun eta praktikan jartzen saiatzen gara” diote.

Bikoteak etorkizunerako duen helburuez galdetzean, orain artean egin duten moduan lanean eta hazten jarraitzea besterik ez dutela nahi diote biek. “Gureaz gozatzen dugu, eta hasiera batean hala espero ez genuen arren, jarduera hau gure ogibide bihurtzeko apustua egin dugun honetan, lanean eta ikasten jarraitzeko nahia besterik ez dugu” baieztatu du Inaxiok. Inguruko bazterrak, animaliak eta produktua lehenesten dituen marka sortu dute Mattin eta Inaxiok eta, oraindik lehen pausoak ematen ari diren arren, ibilbide luze eta oparoa egiteko osagai guztiak dituzte eskura: egiten dutenarekiko pasioa eta lanerako gogoa. Harrokeriarik gabe, baina harrotasun osoz, bideaz gozatzen ari dira Jauregi eta Arin eta, dudarik gabe, bide arrakastatsua dute aurretik.