Pasa den igandean Nafarroako bertsolari txapelketako finala ospatu zen eta Julio Sotok eraman zuen txapela etxera. Zumarraga eta Urretxuko bertsozaleek nafarraren bertsoez gozatzeko aukera izango dute igande honetan, 36. Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdian. Zumarragako Zelai Arizti aretoan ospatuko da, 18.00etan. Sotorekin batera, Andoni Egaña, Garazi Navarro eta Uxue Fernandez urretxuarra arituko dira bertsotan.

Zumarragako Udalak eta bertso eskolak urtero antolatzen dute bertso saio hau, Luzio Gabiria zenaren omenez. Gabiriako Bekoetxe baserrian jaioa, bospasei urterekin zaletu zen, lehenengoz bertso bat entzun zuenean. Aldundiko langilea izan zen eta 1957an Zumarragara bidali zuten.

1961ean Zumarragako lehen bertso afari ofiziala antolatu zuen, Galeperra elkartean. Zazpi edizio antolatu ziren. Elkarteko zuzendaritza aldatu zenean, zuzendaritzako kide berriek bertso afaria antolatzeari uztea erabaki zuten. Gabiriak Osinalde Saria jarri zuen abian bere jaioterrian, Euxebio Igartzabalekin batera.

Xalbadorri Zumarragan egin zi-tzaion omenaldia ere bultzatu zuen. Anoetan txistuak entzun ondoren egin zitzaion lehenengoa izan zen. Ekitaldi hartan Joseba Apaolaza aktoreak Gabiriak idatzitako bertso bat abestu zion Xalbadorri. Apaolaza haurra zen garai hartan eta beti esan ohi du ekitaldi hartan piztu zitzaiola jendeare haurrean aritzeko grina.

Gai jartzaile eta epaile ere aritu zen eta Juan Mari Balentziaga lagunarekin batera Urretxu eta Zumarragako lehen bertso eskola sortu zuen. Bertso eskola hartan Asier Otamendi (bederatzi aldiz Arabako txapeldun) eta Jon Balentziaga ETBko aurkezlea aritu ziren, besteak beste.