TOLOSA Beldur Barik 2023 Topaketa ospatu zen ostiralean Beasaingo Usurbe Antzokian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako nerabe eta gazteen parte-hartzearekin. Bertan, zenbait herri ezberdinetako ikasleen lanak saritu zituzten, eta, tartean, orixe institutuko mutil talde batek egindako Berdintasun genRAP bideo musikalak publikoaren saria eskuratu zuen. Antolakuntza taldeko kideek azaldu dutenez, Donostia, Mutriku, Ondarroa, Elgoibar eta Bilboko ikasleen lanak ere sarituak izan ziren.

Aurtengo Beldu Barik txapelketak nerabeek eta gazteek aurkeztutako ikus-entzunezko 300 lan inguru jaso ditu, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, “gehienak taldean aurkeztuak”, azaldu dute antolatzaileek. Publikoaren saria Tolosako Orixe institutuko mutil talde batek egindako Berdintasun genRAP bideo musikalarentzat izan da. Beldur Barik topaketa Emakundek gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko bultzatutako programaren barruan dago, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak bultzatzen du Emakunderen bitartez eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak Foru aldundien eta EUDELen babesa du.