Naiara Elgarresta diseinatzaile urretxuarrak beti bizi izan nahi duen ametsa betetzea lortu du:berak diseinatutako zapatak ekoiztea. Oraingoz, hiru mota desberdin egin ditu emakumeentzat: ante elastikozko bota bat(Kalon izena jarri dio), neoprenozko kirol bota bat (Meraki) eta larruzko zapata bat(Kirei). Hiru kolore desberdin daude soilik. Bere zapatak naiaraelgarresta.como webgunean eskuratu daitezke.

Elgarrestak zapaten eta osagarrien diseinua ikasi zuen eta duela urte batzuk poltsak ekoizteari ekin zion. Zapatak ekoiztea gehiago kostatu zaio. “Tailak direla eta, kantitate handiak ekoiztu behar dira. Stock handia behar da eta horrek lana zailatzen du. Poltsak ekoiztea baino arriskutsuagoa da”, aipatu du.

Alacanteko enpresa baten eskutik eman du pausoa. “Oso enpresa ona da eta zapata erosoak egitea da bere helburu nagusia. Nik ere erosotasunari garrantzi handia ematen diot. Erosotasunari, materialaren kalitateari eta diseinuari, hain zuzen ere. Erosoak ez badira, jendeak ez ditu gehiago erosiko”, azaldu du.

Hasteko, hiru diseinu ekoiztu ditu. “Etorkizunean gehiago egin nahi ditut. Hasteko, emakume batek neguak pasatzeko zer behar duen pentsatu dut eta hori oinarri hartuta hiru modelo egin ditut: bota beroa, zapatila erosoa eta zapata dotorea”.

Bilduma berandu iritsi da eta oraindik ez da denda askotara iritsi. “Nire zapatak Zumarragako Laskurain dendan eros daitezke eta inguruko beste dendari batzuekin ere hitz egiten ari naiz”, dio urretxuarrak.

Bere inspirazio iturriak

Egunotan, Londresen dago. “Bi urte eman nituen Londresen eta asko gusta-tzen zait hona etortzea. Feria ba-tzutan parte hartzen saiatu behar naiz eta hemen zertan ari diren ikusi nahi dut. Londres inspirazio iturri da niretzat. Nire inspirazio iturri nagusia bidaiak eta arkitektura dira”, amaitu du diseinatzaile gazteak.