Urtero azaroaren 25ean, ospatu ohi da Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta, aurten ere, Tolosan eta Tolosaldeko eskualdeko hainbat herritan mobilizazio eta aldarrikapen ugari antolatu dituzte Mugimendu Feministetako kideek Bizirik, aske eta antolatuta lelopean. Tolosako Mugimendu Feministako kideek adierazi dutenez, 2023an tamalez, indarkeria matxistaren ondorioak “beldurgarriak” izan dira, eta “egunerokoan egin behar den borroka honetan” emakume zein gizonezkoen aldarrikapenak “ezinbestekotzat” jotzen dituzte. Izan ere, Mugimendu Feministatik baieztatu dutenez, “Euskal Herrian lau emakume eta haur bat erail dituzte” aurten. Egoera honen aurrean “nazkatuta eta amorratuta” daudela esan eta emakumeen zein haurraren familia eta ingurukoei “babesa helarazi” nahi izan diete. “Zuen ondoan izango gaituzue beti” izan dira babesa adierazteko erabili dituzten hi- tzak. Erailketa hauek, dudarik gabe, indarkeria matxistaren ondorio “larrienak” direla salatzeaz gain, egunerokoan “emakumeok, transok eta bollerok” egunero jasaten duten indarkeria beste momentu eta era askotan pairatzen dutela ere gogorarazi nahi izan dute Tolosako Mugimendu Feministatik. Indarkeria matxista ez dela kasualitatea eta sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazistaren sostengu dela uste dute, indarkeria horrek balio baitu “egunerokoan jada barneratuta ditugun eta ohikotzat jotzen ditugun desberdinkeria eta zapalkuntza egoerak sortzeko”. Honen aurrean, gaur, azaroaren 25ean antolatu dituzten elkarretaratzeetara batzeaz gain, eran- tzukizunak hartzeko deia luzatu diete gizonezkoei, eta bereziki, erakundeei. Tolosan, esaterako, arratsaldeko 19.00etarako egin du Mugimendu Feministak manifestaziorako deialdia. Triangulotik aterako da manifestazioa ordu honetan, eta Batumore Tolosaldeko Batukada Feministak girotuko du ibilaldia. Ondoren, Numen taldearen dantza saioa izango da.

Gaur Tolosan eta eskualdeko herri ezberdinetan egingo diren manifestazio eta aldarrikapenez gain, datorren asteko ostegunerako, azaroaren 30erako, greba feminista orokorrerako deialdia egin dutela ere aldarrikatu dute Mugimendu Feministako antolakuntza taldeko kideek. “Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok lehenengo greba feminista orokorra deitu dugu azaroaren 30erako, zaintza eskubide kolektiboaren alde”, azaldu dute. Azken urteetan zaintza eskubide kolektiboaren eskubidea galdu eta “zaintzarako zerbi- tzuak gero eta pribatizatuago” daudela salatu eta honek “inork egin nahi ez dituen lanak emakumeen esku geratzea” ekarri duela gogorarazi dute. Gainera, baieztatzen dutenez, gehienetan “emakume migratzaileak dira askotan, feminizatuak eta prekarizatuak daude, eta ez dute ez aitortza sozialik, ez politikorik, ezta ekonomikorik ere”.

Azaldutako arrazoiengatik, eta aipatu ere egiten ez diren beste hamaika bidegabekeriengatik, Tolosako zein Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek gaur eta azaroaren 30ean “kalera ateratzeko deia” egitea garrantzitsua dela azpimarratu dute. Izan ere, azaldu dutenez, erronka eta helburu nagusia “herritar guztion zaintza eskubide kolektiboaren alde egingo duen zaintza sistema publiko eta komunitarioa sortzea” da. Horretarako, herritar guztien bizitzak erdigunean jarri nahi, eta bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren lan guztiak ikusarazi eta lehen lerrora ekarri nahi dituzte. Zaintza eskubidearen aldeko borroka jendarte osoari begirakoa da, eta beraz, emakumeak zein gizonak daude ostegunean greba egitera deituta. “Ezinbestekoa da zaintza lanak partekatzea, eta gizonok ere zaintza lanen gaineko erantzukizuna hartzea” diote. Ostegunean Euskal Herri guztian izango dira mobilizazioak, eta Tolosako Mugimendu Feministak 18.00etan Tolosako Triangulotik manifestazioa abiatzeko deia luzatu du. Grebarekin bat egin dute eskualdeko hainbat eragilek, herrietako mugimendu feministek eta ELA eta LAB sindikatuek, besteak beste. “Zaintza eskubide kolektiboaren alde, azaroaren 30ean kalera!” izan dira manifestaziora batzeko erabilitako azken hitzak.