Pasaiako Udalak eta Laurak Bat merkataritza elkarteak herriko merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera handitzeko xedearekin egitasmo berria jarri dute martxan, elkarlanean.

Horiek horrela, Pasaiako merkatari eta ostalariak gutxienez lehen hi-tza euskaraz egiteko konpromisoa hartu eta elkarrizketak euskaraz hastera gonbidatu nahi dituzte. Horren berri emateko, konpromiso hori hartu duten establezimenduek Hasi hitza daramaten bereizgarriak jarriko dituzte establezimenduetan.

Gainera, bezeroak ere lehen hitz hori euskaraz egitera animatu nahi ditu egitasmoak; lehen hitza euskaraz egiteak asko eragiten baitu ondoren etorriko den elkarrizketaren hizkuntza aukeratzerako orduan.

Pasaiako establezimendu guztiek har dezakete parte Udalak eta Laurak Bat elkarteak landutako egitasmoan, merkatari eta ostalari elkartearekin edo Udaleko Euskara Sailarekin harremanetan jarrita.

Bestalde, zerbitzu osoan euskara erabiltzeko aukera bermatzen duten establezimenduek Euskal Herrian zabaltzen ari den Euskaraz Barra-Barra “e//” bereizgarria jartzera animatu nahi dituzte ere.