Herritarrei baliabide linguistikoak eskaintzea Oñatin euskaraz komunikatzeko eta bizitzeko da atzo Roberto Altunak adierazi zuen Gure katonan. Herrikoa, batua eta gaztelania bat eginda izenburuko liburuaren helburua. Proiektu hau, egilearen hi-tzetan, euskara irakasle gisa duen esperientziaren, kalean ikusten duen errealitatearen eta intuizioaren emaitza da. “Badirudi herriko euskara erabiltzen dugunok soilik herritarrekin bakarrik komunikatzen garela era horretan. Ez da inon zabaltzen, ez ikastetxeetan, ez euskaltegietan, ezta komunikabideetan ere. Gainera, batuan ikasten dutenek herrikoa ulertzeko arazoak izaten dituzte. Milaka mesfidantza eta gaizki-ulertu daude, eta horiekin guztiekin amaitzeko iruditu zitzaidan gai horiek lan-tzeko beharra zegoela”, azaldu zuen.

Betidanik saiatu da Altuna euskalkiaren eta batuaren arteko zubi-lanak egiten. Aurretik argitaratutako beste liburu batzuk dauden arren, azken hau modu “didaktikoagoan eta arinagoan” jorratu da. Hiztegia sailka banatuta dago, eguneroko gaiez eta berbaz osatua. Gramatikaren atalean, aldiz, ezaugarri fonetikoak, aditz izenak, atzizkiak edo sintaxiarekin lotutako egitura eta lokailuak zehazten dira. Esamoldeak, esaerak eta haur kantak ere jasotzen dira liburuan.

Beraz, herriko euskararen, euskara batuaren eta gaztelaniaren artean konparaketa egiten da lan honetan. Izenburuari dagokionez, katonak eskoletan erabili zen lehen liburua du erreferentziatzat.

“Guztioi zuzenduta dago. Bai euskaldun zahar eta berrientzat, bai erdaldun hutsak direnentzat; oinarrizkoa da eta eskoletarako gida dikaktiko bezala ere erabil daiteke”, azpimarratu zuen egileak. Haritza, Altuna, Ibarrondo eta Hirukar dendetan, Txokolateixan eta turismo bulegoan egongo da eskuragarri, bi euroren truke.