Oarsoaldeko Euskara Batzordeak sortu zuen Oarsoarrak Euskararen Saria aurten Antton Valverde abeslariari eta Oarsoaldeko gazte talde euskaltzaleei emango zaie aurten. Oroigarria abenduaren 1ean jasoko dute sarituek, iluntzeko 19.00etan, Oiartzungo Landetxe eraikineko aretoan egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, sarrera doanik izango da.

Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, eskualdeko herrietan lanean ari diren gazte talde euskaltzaleek “euskaraz naturaltasunez aritzeko ematen duten ereduagatik” aitortza publikoa egitea hobetsi du. Halaber, Antton Valverdek “euskarazko kantugintzari jarritako oinarria eta bertsogintzari eta euskarazko kulturari egin dion ekarpen itzela” nabarmendu eta goraipatu ditu.

Azpimarratu dutenez, “azken zazpi-zortzi urtetan eskualdeko herri guztietan gazte mugimendu berri baten loraldia izan da, zorionez. Antxoko Topagunea, Antxoko Papingo Gazteria, Trintxerpeko Korkoiburuak, Lezoko Piztu Lezo, Oiartzungo Biyurrienea eta Oreretako Gazte Asanblada, alegia”.

Bestalde, Antton Valverde donostiarrak bere gurasoak errenteriarrak zituen. Gainera, aita Ayalde margolari ospetsua zen eta familiak Aialde etxea zuen Oiartzunen. Hasieran udarak igarotzen zituzten, baina gerora bertan geratu ziren bizitzen.

Hamahiru disko eta bi DVD argitaratu ditu eta beste disko askotan partaide izan da. Lizardi eta Lauaxeta gustuko izan ditu beti eta haien poemak musikatu ditu.