Mendi Asteak mendizaleen topagune nagusiak izan ohi dira eta Urretxuk eta Zumarragak ere badute berea: Ostadar mendi taldeak antolatzen duena alegia. Aurtengoa 40. edizioa da.

Igandean hasi zen, urteroko moduan Angel Etxeberriaren omenezko haur ibilaldiarekin. 43 haurrek parte hartu zuten.

Urtero egiten den moduan, emanaldiak ere antolatu dituzte. 19.30ean hasiko dira. Astelehenean Iñaki Beitiari buruzko dokumentala esakini zuten, gaztelaniazko azpitituluekin. Beitiaren oroimenezko dokumentalaren izenburua "Postontzi bat munduaren amaieran" da.

Gabiriarrak Himalaian

Atzo Juan Mari Gabilondo mendizale zumarragarrak Euskal Herriko mendietako argazkiak erakutsi zituen Urretxuko kultur etxean. Gaur, Joseba Iztueta gabiriarraren txanda izango da: Ladakh aztarna berrien bila ikus-entzunezkoa emango du Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Joseba Iztueta eta Ekaitz Maiz gabiriarra Ladakh-era, Indiako Himalaiako haran urrun batera joan dira. 17 eskalada bide berri ireki dituzte eta Amaiur Peak-era, 5.760 metroko aurrez inork igo gabeko mendira, lehenbiziko igoera egin dute.

Azken emanaldia bihar izango da. Iñigo Unanue Bereziartu herritarrak eta Kattalin de Pedro Larreak Zikloalpinismoa Bolibian ikus-en-tzunezkoa emango dute Zelai Arizti aretoan.

Larunbatean Ostadarrek bazkide batzarra egingo du Zumarragako kultur etxean, 19.00etan. Bertan lehendakari berria hautatuko dute. Ostiralera arte zabalik dago izen-ematea (ostadar@ostadar.org helbide elektronikora idatzita).

Igandean mendi ibilaldia egingo dute. Arabako Toloño mendira joango dira. 7.30ean abiatuko dira Elizkaletik. Ibilaldiaren ondoren bazkaria egingo dute Briñasen. Irteeran eta bazkarian parte har-tzeko, izena eman behar da (emanaldietan).